Amaitu da futbol denboraldia emakumezkoentzat nahiz gizonezkoentzat. Taularen erdialdean gelditu dira klubeko bi talde nagusiak, eta zentzu horretan, hasierako helburuak ezin izan dituzte lortu, goialdean amaitzea baitzen xedea.
Nesken lehen taldea bigarren mailatik Euskal Ligara jaitsi zen iazko denboraldian. Aurten "trantsizio urtea" izan da Iñaki Anso kirol zuzendariaren arabera, "urte konplikatuta", eta balorazio gazi-gozoa egin du. Batetik, taldean jende berria izan dute, eta zentzu horretan balorazioa ona da, ondo ibili direla uste du. Bestetik, ez zuten espero liga taularen erdian amaitzea. "Helburua ez da izan berriz igotzea, bagenekielako urte konplikatua zela, baina gorago ibiltzea espero genuen, lehiakorragoak izatea".
Taldea zarauztarrez osatuta dago batez ere, eta taldekideen arteko giro ona azpimarratu du Ansok. Esan du datorren denboraldiari begira saiatuko direla jokalariren bat fitxatzen: "Talde umila gara, baina nahiko genuke aurreraliren bat ekarri". Izan ere, datorren denboraldian gehiago lehiatu nahi dute, gorago ibili.
Harrobiari dagokionez, gustura da Anso, 50 ume badituztelako nesken eskolan, benjaminen eta alebinen artean (8-9 eta 10-11 urtekoak). "Kategoria guztietan ditugu taldeak, eta denak dabiltza ohorezko kategorietan. Zarautzen nesken futbola indartsu dago, eta datozen urteetarako oinarri sendoa jarria dugu", nabarmendu du.
Gizonezkoen lehen taldeari dagokionez, berriz, Fermin Yerobi kirol zuzendariak azpimarratu du "urtea oso gorabeheratsua" izan dela. "Denboraldia lesio askorekin hasi genuen, eta puntu asko galdu genituen hor. Jokalariak errekuperatu ahala sailkapenean goraka egin genuen, baina denboraldi osoan zehar behealdean dabiltzan taldeen kontra huts egin dugu. Indartsuenen aurka irabaziz, eta behekoen kontra galduz pasa dugu denboraldi osoa", azaldu du.
Ohorezko Mailan dago taldea, eta helburua ez da izan mailaz igotzea, baina bai goiko postuetan ibiltzea, "bost onenen artean". Sailkapenaren erdi-erdian amaitu dute liga, ordea.
Jada hurrengo denboraldiari begira jarri dira. Taldekide gehienek jarraituko dutela azaldu du Yerobik, eta jubeniletatik bateren bat pasako dela lehen taldera. Jubenilak ere ez dira fin ibili, eta kategoria galdu dute. Kadeteak, ordea, "oso indartsu datoz", eta hor daukate esperantza jarrita klubekoek. "Kadeteetako zazpi aritu dira jubenilekin, eta horietako bi fitxatu dituzte Athleticek eta Realak datorren denboraldirako". Harrobi ona daukatela iritzi dio Yerobik.
Zarauzko mutilen lehen taldea. (Utzitako argazkia)