Aitor Frantzesena 'Gallo', surflaria

"Niretzat sekulakoa da Europako surf egokituko txapelduna izatea"

Onintza Lete Arrieta 2019ko mai. 29a, 14:15

Asteburuan aurrenekoz jokatu dute Europa mailako surf egokituko txapelketa, eta Aitor Frantzesena 'Gallo' zarauztarra nagusitu da itsuen kategorian. Ibon Mugertzak ere irabazi egin du bere kategorian.

Gallo lehian La Jollan, Koala ondoan duela. (ISA Worlds)

Europako surf egokituko txapelketa jokatu da lehenengo aldiz pasa den asteburuan. Portugalen lehian izan dira Aitor Frantzesena Gallo eta Ibon Mugertza zarauztarrak, eta garaipen banarekin itzuli dira etxera. Nork bere kategorian jokatu du; itsu dago Gallo, eta paralisia dauka eskuineko besoan Mugertzak. Snowboard-ean eta surfean, bietan lehiatzen da Mugertza.

Gallok, berriz, surfa du pasio. "Niretzat sekulakoa izan da Europako surf egokituko txapelduna izatea. Hori bakarrik falta nuen, Espainiako eta Munduko txapelketak irabazita ditudalako", azaldu zion telefonoz HITZAri. Duela lau urte hasi ziren surf egokituko nazioarteko txapelketak antolatzen, eta Espainiakoa hirutan irabazi du: aurten maiatzean, iaz eta 2016an. Munduko txapela, berriz, 2016an jantzi zuen. "Niretzat harro egoteko modukoa da Espainiako, Europako eta Munduko txapelketak irabazi izana", eta "sakrifizioaren eta lanaren ondorio" direla azpimarratu du.

Bereziena, agian, mundukoa irabaztea izan da, "surfaren mekan, Kalifornian, jokatzen delako". Hamahiru urterekin hartu zuen aurreneko olatua, eta azaldu du ezin zuela pentsatu ere egin honaino iritsiko zenik. "Nork esan behar zidan niri hau guztia lortuko nuenik". Azaldu du pertsona ororen bizitzan beti egoten dela norberagan sinesten ez duen jendea. Eta beragan gehien nork sinestu duen galdetuta, erantzuna azkar eman du, eta hunkitu ere egin da: "Aritz Aranburu. Bera da gehien sinetsi duena nigan, eta bere lanarekin erakutsi du, gainera". Aurrera begira, helburu asko ditu Gallok: "Nik beti esaten dut zoriontsu izateko sekretua dela helburuak edukitzea eta horiek lortzeko lan egitea eta bideaz gozatzea".

Esaterako, 2014an lortuko balute surf egokitua Joko Paralinpiarretan sartzea, berak nahiko luke han parte hartu eta irabazi, "jokatuko nituzkeen aurreneko eta, ziurrenez, azkenekoak izango liratekeelako".

Dokumentala, herrian

Bestalde, surfari eta, bereziki, Aitor Frantzesena, Gallori lotuta, ostiralean proiekzio berezi bat ikusteko aukera egongo da Modelo zinema aretoan: Gallo dokumentala, surflari zarauztarraren bizitza ardatz hartuta. Antonio Diaz Huertas zinemagile madrildarraren lantaldeak bost astez jarraitu zuen Gallo, eta emaitza etzi 20:00etatik aurrera ikusgai egongo da. Larunbatean eta igandean ere eskainiko dute, 17:30etik aurrera. "Herritarrek esango dute zer iruditzen zaien filma, nik ez dut ezer aurreratuko", zioen atzo Gallok. Hori bai, nabarmendu duenez, "izugarria izan da argazki zuzendariaren, soinu arduradunaren eta montadorearen lana".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide