EAJ izan da nagusi berriro Zarautzen

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 27a

Datorren agintaldian ere hamar zinegotzi izango ditu EAJk. EH Bilduk zortzi hautetsi lortu ditu, PSE-EEk bi, Ahal Dugu-Equoberdeek bat eta PPk bat ere ez. Xabier Txurruka (EAJ), Itziar Murua (EH Bildu), Gloria Vazquez (PSE-EE), Ana De Benito (Ahal Dugu-EquoBerdeak) eta Alfonso Santibañez (PP) Zarauzko alkategaien erreakzioak bildu ditu ZARAUZKO HITZAk.

Murua, Vazquez, Txurruka eta Ana De Benito alkategaiak.

Gaueko hamaikak alderako egin zuten atzo udal hauteskundeetako Zarauzko kontaketa ofiziala. 18.198 zarauztar zeuden boza ematera deituta, eta horietatik 12.796k (%70,32) jo zuten hautes-mahaietara, udala osatzeko bozkatzera. Beraz, 2015eko udal hauteskundeekin alderatuta, 5,28 puntu igo da parte-hartzea.

EAJk gehiengoari eutsi dio Zarautzen. Kontaketa ofizialaren arabera, guztira 5.757 boto eskuratu ditu alderdi jeltzaleak, botoen %45,43, hain zuzen. Txurruka zerrendaburuaren arabera, Zarautzen inoiz lortu duten emaitzarik onena izan da, boto kopuruari dagokionez zein portzentajeari dagokionez. Aurreko udal hauteskundeetan baino ia 1.000 boto gehiago jaso ditu EAJk; 2015ean, 4.813 izan ziren. Txurrukaren arabera, atzorako "helburua Espainiako Gorteetarako duela hilabete Zarautzen lortutako 5.463 botoak berdintzea zen, eta berdindu ez, gainditu egin ditugu. Apirilean baino 300 boz gehiago eskuratu ditugu". "Zarautzek aurrera egitea erabaki du hauteskunde hauetan, argi eta garbi", gehitu du.

Beraz, datorren agintaldian ere hamar hautetsi izango ditu EAJk Zarauzko Udalean, azken lau urteetan bezala. Txurrukaz gain, Miren Letamendiak, Jesus Aranak, Iratxe Zorrozuak, Iban San Martinek, Leire Aranak, Ixidor Larrañagak, Jon Andoni Urdangarinek, Iker Basurkok eta Irune Urbietak osatuko dute jeltzaleen taldea.

EH Bilduk ere gora

EH Bilduk ere gora egin du aurten, eta bigarren indarra izan da Zarautzen, 1.211 botoren aldearekin. Aurten, 4.546 herritarrek babestu dute koalizioa, 2015ean baino ia 1.000 gehiagok. Datorren agintaldiari begira, zortzi zinegotzi lortu ditu, duela lau urte baino bat gehiago: Itziar Murua, Ion Arozena, Mikel Goenaga, Ainara Landa, Begoña Olaizola, Jabier Etxaburu, Jesus Goikoetxea eta Eider Illarramendi.

Itziar Murua zerrendaburuaren esanetan, "pozik" daude emaitzekin: "Gora egin dugu herrian, Espainiako Gorteetarako bozekin zein 2015eko udal bozekin alderatuta". "Lanerako eta elkarlanerako prest" daudela azaldu du: "Zarautzen alde egiten jarraituko dugu, gobernuan zein oposizioan egon". Hala, datozen lau urteetan udalean "oposizio eraikitzailea" egingo dutela esan du, eta EAJ zein Txurruka zoriondu ditu.

PSE-EE emaitzei eusten

PSE-EEk gutxi gorabehera mantendu egin ditu aurreko hauteskundeetan lortutako emaitzak. 1.182 boto jaso ditu, 2015ean baino 44 gutxiago. Hala, datorren agintaldian ere bi hautetsi izango ditu udalean, Gloria Vazquez eta Patxi Elola. Vazquezek azaldu du "pozik" daudela emaitzekin: "Mantendu egin gara boz zein zinegotzi kopuruan". "Ordezkaritzari dagokionez, aurreko agintaldiaren antzekoa da egoera udalean", gehitu du.

Ahal Dugu-Equoberdeek behera

Ahal Dugu-EquoBerdeek zinegotzi bat galdu dute Zarautzen. 2015ean Ezker Anitzarekin batera osatu zuten zerrenda, eta 1.136 herritarrek bozkatu zuten. Aurten Ahal Dugu eta Equo soilik aurkeztu dira, eta behera egin dute emaitzetan: 664 boto eskuratu dituzte. Beraz, hautetsi bat izango dute 2019-2023 agintaldian, Ana De Benito. "Emaitzek ez gaituzte harritu; bagenekien zaila izango zela bi ordezkari mantentzea", esan du De Benitok: "Zinegotzi bat lortu dugu behintzat, eta horrekin pozik gaude". Dena den, zerrendaburuaren hitzetan, "zaila" izango da udaletxean "bakarrik egotea". "Gu hitz egiteko prest gaude, baina azken finean, EAJk erabakiko du zer gertatuko den Udal Gobernuarekin", gaineratu du.

PPk ordezkaritzarik ez

PPk 380 boz lortu zituen atzo, eta ez du ordezkaritzarik izango udalean. Zinegotzia izateko 254 boto gehiago behar zituen. Alfonso Santibañez zerrendaburuaren arabera, "agerikoa da emaitzak ez direla nahikoak izan guretzat. Ez gaude pozik". Zarauzko alderdikideekin zein Gipuzkoako zuzendaritzarekin "azterketa zehatzago" bat egingo duela azaldu du, "atzoko emaitzen zergatiak" bilatzeko eta "hurrengo hauteskundeei begira egin beharreko lana" zehazteko. Bestalde, Santibañezek adierazi du "oposizio eraikitzailea" egiten jarraituko dutela, "udal barruan ez bada, kanpotik".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide