Diputazioa "gezurretan" ari dela salatu dute adinekoen egoitzetako langileek

Amaia Urbieta Arruti 2019ko mai. 2a, 18:03

Pello Igeregi ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak megafonotik ozen hitz egin du gaur eguerdian, Diputazioaren "manipulazioak" salatuz.

Dozenaka pertsona elkartu dira Lege Zaharren Enparantzan. (Amaia Urbieta Arruti)

Ekitaldia egin du gaur ELAk, adineko egoitzetako langileen egoera salatzeko. Udaletxearen aurrean elkartu dira sindikatuko ordezkariak eta dozenaka langile, Zaintzaileak zaiduz, bizitzak zaindu! zioen pankartaren atzean. Pello Igeregi sindikatuko negoziazio kolektiboko arduradunak hitz egin du megafonotik. Azaldu du nola 54 egun daramatzaten greban gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek, ez dietelako "behar den besteko eskaintzarik egiten", eta "lan kargak izugarri hazi" direlako. Emakume Langilearen Eguneko borrokak eta atxikimenduak ekarri ditu gogora Igeregik: "Martxoaren 8koa Martxoaren 8an ahaztu zitzaion diputazioari. Ahaztu egin zaie soldata arrakalak 9.000 eurokoa izaten jarraitzen duela kale garbitzaileenarekin alderatuta (sektore maskulinizatua)".

"Manipulazioa" egotzi diote diputazioari

Bizkaiko adinekoen egoitzetako langileek 350 greba egun egin zituzten adostasunera iritsi arte, eta ELAko ordezkariak salatu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundia "are zikinago" ari da jokatzen. "Langileei Adegi eta Matiarekin negoziatzeko eskatu zien diputazioak, eta hala egin zuten. Ondoren, ordea, negoziazio hitzarmen hori ELArena izango balitz bezala aurkeztu dute".

Langileek "baldintza duinak" izan ditzaten egiten dituzten eskaerak gogora ekarri ditu Igeregik. Lan hitzarmena eskatzen dute, jaiegunetako gehigarria igotzea, soldatak KPI-tik gorakoak izatea eta langileak lanaldi osora egotea. "Eskatzen duguna ez da beste munduko ezer, eta langile guztien interesekoa da adineko egoitzetako lana duintzea, gizartean funtsezko papera betetzen baitute".

Postontziak eta plazak hartuz

Aldarrikapen horiek guztiak Gipuzkoa osora nahi dituzte zabaldu greban dauden langileek. Hori dela eta, Urola Kostako etxeetako postontzietan informazioa uzten aritu dira gaur, eta datozen egunetan gainontzeko eskualdeetan ere izango dira.

Eguerdi aldera, ozen entzun zitezkeen Zigordia kalean grebalarien oihuak: "Maite Peña [hirugarren adineko diputatua], gezurtera!", eta "Jo ta ke, irabazi arte!" oihukatzen zuten, besteak beste.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide