90 surflari inguruk eman dute izena dagoeneko Cabreiroa Pro Zarautzen aritzeko

Urola Kostako Hitza 2019ko apirilaren 21a

Maiatzaren 8tik 12ra jokatuko da aurten surf txapelketa. QS 1.500ekoa izango da, eta 30.000 euro jasoko ditu irabazleak. Iaz bezala, kultur ekintzak ere egingo dituzte egun horietan.

Jonas Bachan iazko Pro Zarautz surf txapelketan lehian (Pro Zarautz)

Maiatzaren 8tik 12ra jokatuko da Zarautzen Cabreiroa Pro Zarautz, Basque Country by Oakley surf txapelketa. Izena emateko epea zabalik da, eta 90 surflari inguruk eman dute jada, 60 gizonezkok eta 30 emakumezkok gutxi gorabehera, antolatzaileen arabera.

Iazko txapeldunak Jorgann Couzinet eta Pauline Ado dira, eta iazko titulua defendatzen saiatuko dira. Proba QS 1.500ekoa da, eta 30.000 euroko saria dago. Ikusi iazko txapelketa bideoan.

Antolatzaileek gogorarazi dute mundu osoko surflariak ariko direla lehian bost egunez, eta "bertakoak" ere gogoan izan dituzte: "Ruben Vitoria, Eneko Merino, Iker Amatriain, Melania Suarez, Ariane Ochoa, Lucia Martino eta Leticia Canales dira inguruko surflarietako batzuk. Mundu osoko rider onenen artean, maila ahalik altuena ematen saiatuko dira".

Kirola baino gehiago

Iazko txapelketan eskainitakoa eta jasotakoa gainditzea nahi dute antolatzaileek aurten: "Kirolarientzako produktu bat eskaintzeaz gain, potentzial handia izango duen alderdi kulturala ere landu da Zarautzera gerturatzen diren ikusleentzat. Beste urte batez, kirola, kultura eta tradizioa batu ditugu, ekitaldia munduarentzat erakusleiho izatea nahi baitugu".

Ekitaldi horiek aurrerago zehaztuko dituzte, baina aurreratu dute artisau merkatua, kontzertuak eta "hainbat ezusteko gehiago" egongo direla.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide