Bigarren mailara igoko da Sharks taldea

Urola Kostako Hitza 2019ko apirilaren 10a

Datorren larunbatean emango diote amaiera saskibaloiko Gipuzkoako Senior Gizonezkoen 3. mailako igoera faseari, eta Larramendi ILK taldearen aurka jokatuko dute Sahatsagan.

Datorren larunbatean, apirilak 13, denboraldi honetako azkenengo partida jokatuko dute Getariako Keta Babyauto Sharks saskibaloi taldekoek. Modu horretan emango diote amaiera Gipuzkoako Senior Gizonezkoen 3. mailako igoera faseari. Larramendi ILK taldea izango da Sharksen aurkaria; 17:30ean hasiko da norgehiagoka, Sahatsagan.

Larunbatean irabaziz gero, aurtengo txapeldunak izango dira Getariako taldekoak. Dena den, pasa den larunbatean Avia Eibar taldearen aurkako partidan garaipena eskuratuta, mailaz igotzea bermatu dute dagoeneko. Beraz, Sharks taldeak lortu du igoera fasearen helburua: Gipuzkoako Senior Gizonezkoen 2. mailan izango dira datorren denboraldian, igoera txartela lortuta. Igoera fase honetan, Avia Eibar Saskibaloia (Eibar), Larramendi ILK (Donostia) eta Saski Axular (Donostia) taldeekin neurtu dituzte indarra Sharks taldekoek.

Garaipena Avia Eibarren aurka

Pasa den asteburuan 57-62 gailendu ziren Avia Eibarren aurka, Ipurua kiroldegian jokatutako partidan. Garaipena erdiesteak mailaz igotzea ahalbidetuko zion irabazleari, eta azkenean, Sharksekoek hartu zituzten mendean eibartarrak.

Jon Zapiainek (18), Iker Lizarriturrik (13), Alex Zoritak (10), Andoni Esnalek (6), Josu Aranberrik (5), Joxean Del Reyek, Jon Unzurrunzagak, Joseba Sagardiak, Ander Esnalek eta Josu Agirreurretak jantzi zituzten Sharksen koloreak larunbatean.

Duela 6-7 urte Zarautzen sortu zuten Sharks taldea, baina iazko denboraldia amaitzean, ez ziren ados jarri Zarauzko kluba eta Sharksekoak. Getariako Keta klubarekin jokatzeko erabakia hartu zuten zenbait taldekidek, eta izen berri batekin, ibilbide berriari ekin diote aurten. Hurrengo urtean ere jarraipena emango diote abiatutako bideari, eta mailaz igota gainera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide