Imanol Epelde zarauztarrak jaso du 'Blogetan' lehiaketako sarietako bat

Urola Kostako Hitza 2019ko apirilaren 5a

'27 zapata' blogari esker jaso du Gizarte eta Politika alorreko saria. Azkue fundazioak ematen ditu euskarazko blog onenen sariak, eta epaimahaiak blog horren "estilo bizia" nabarmendu du.

Bilboko Euskararen Etxean jaso du saria aste honetan Imanol Epelde zarauztarrak, 27 zapata blogari esker. Azkue fundazioak saritzen ditu euskarazko blog onenak, Blogetan lehiaketaren bidez. Epelde Gizarte eta Politika kategorian saritu dute; Kultura kategorian Xerezade bloga saritu dute; Aisian, Kontra-kantxa; eta Zientzia eta Teknologian, azkenik, Laborategia

Epaimahaiak 27 zapata blogaren "estilo bizia" nabarmendu du, eta azpimarratu du Epeldek "gai eta gogoeta mamitsuak" lantzen dituela "formatu arinean". Epaimahaia osatu dute Azkue fundazioak, Argia aldizkariak, Tokikom-eko Joxe Rojasek, Pikara Magazine-ko June Fernandezek eta Zuzeu atariko Urko Urangak.

Saritu guztiek garaikurra eta 200 euro jaso dituzte, baina hutsik gelditu da Argia-k ematen duen euskal blogari berrientzako saria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide