Bi Harri Txapelketa jokatuko dute igandean Aritzbatalden

Amaia Urbieta Arruti 2019ko martxoaren 28a

Igandean, martxoaren 31n, laugarren urtez egingo dute Zarauzko Bi Harri harri-jasotze txapelketa. Txapelketak izenean daramatzan bi harri horiek Mollarri eta Jai Txiki dira, Zarautzen bertan, itsasertzean jasotako harri baldarrak biak ala biak.

Zarautz Kirol Elkarteko Herri Kirol Sailak laugarren urtez antolatu du Bi Harri harri-jasotze txapelketa. Aurtengoa igande honetan izango da, 18:00etan, Aritzbatalde pilotalekuan.

Ondorengo hamar harri-jasotzaileak ariko dira norgehiagokan: Josu Urbieta, Sergio Mielgo, Iñigo Eizagirre, Jexux Mari Iruretagoiena Izeta III, Hodei Iruretagoiena Izeta IV, Imanol Kortaberri, Jokin Eizmendi, Gorka Etxeberria, Aimar Irigoien eta Xabier Peña. Egin beharreko lanak aurreko urteko berdinak izango dira. Mollarri (121 kilo) eta Jai Txiki (117 kilo) harriak altxatu beharko dituzte txandakatuz, zazpi minutuko tartean. Harri-jasotzaileak berak aukeratuko du bietako zeinekin hasi, eta altxaldi gehien egiten dituenak irabaziko du. Berdinketarik egongo balitz, pisu gutxieneko harri-jasotzailea gailenduko litzateke.

Sarreren prezioa hamar eurokoa izango da. Zarautz Kirol Elkarteko bazkide direnek, txartela erakutsiz gero, bost euro ordaindu beharko dituzte eta 16 urtetik beherako ikusleek doan sartzeko aukera izango dute.

Aurreikuspenak eta faboritoak

Mikel Lopetegi Urra harri-jasotzaileak ezingo du parte hartu Txapelketan, beste marka bat prestatzen ari zela min hartu baitzuen. Urra falta izatea "pena" dela azaldu du Esteban Collantes Zarautz Kirol Elkarteko lehendakariak, baina dena den, "kartel ikusgarria" osatu dutela uste du.

Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.-ri faboritoez galdetuta, hiru izen nabarmendu ditu. Semea duen Hodei Iruretagoiena Izeta IV. txapeldun izan zen joan den urtean, eta aurtengoan duela gutxi onartutako apustu bat prestatzen buru-belarri badabil ere, "indartsu" ariko dela uste du. Jokin Eizmendi zarauztarra ere faboritoen artean dago, 2016an bera izan zen txapelketako irabazle eta, egun, Eizmendi da harri handien kategorian, Euskal Herriko txapelduna. Hirugarren izen azpimarragarria Aimar Irigoienena da. Izeta II.-k garbi dauka "txukun prestatuz gero" Irigoien errezildarrak zeresan handia emango duela igandean.

Esker oneko txapelketa

Txapelketan parte hartze hutsagatik, dietetan 180 euro ordaintzen diete Bi Harri Txapelketara etortzen diren harri-jasotzaileei. Horrez gain, altxaldi bakoitzeko hamar euro ematen dizkiete. Txapeldunak 150 euro irabaziko ditu, bigarrenak 100 eta hirugarrenak, berriz, 50 euro; orain arteko altxaldien errekorra gainditzen duenak, berriz, 300 euro gehiago irabaziko ditu. Marka Izeta II.-k berak dauka, 2017an Mollarri eta Jai Txiki harriei 25 altxaldi eginda.

Baldintza hauek "ezohikoak" direla azaldu du Iruretagoienak prentsari eskainitako agerraldian. "Harri-jasotze mundua oso txikia da eta normalean ez da hala saritzen kirolarien esfortzua".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide