Uxue Alkorta, Aner Peritz eta Imanol Albizu, Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Txapelketaren finalera

Urola Kostako Hitza 2019ko martxoaren 25a

Guztira, lau kanporaketa egin dituzte afari formatuko saioetan –Ibarran, Zestoan, Orion eta Oñatin–, eta finala Lasturren izango da apirilaren 5ean. Aurten, 23 bertsolarik parte hartu dute bat-bateko lehian, eta horietatik 11 bertsolari izan dira eskualdekoak.

Iazko Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren finaleko argazkia.

Erabakita dago Gipuzkoako Eskolarteko XXXIX. Bertso Txapelketaren finalean arituko den zortzikotea, eta finalisten artean daude Uxue Alkorta eta Aner Peritz zarauztarrak nahiz Imanol Albizu azpeitiarra. Haiekin batera izango dira finalean Haizea Arana, Oihana Arana, Igauri Lopetegi eta Maddi Aiestaran bertsolariak. 

Guztira, lau kanporaketa egin dituzte afari formatuko saioetan –Ibarran, Zestoan, Orion eta Oñatin–, eta finala Lasturren izango da apirilaren 5ean. Lau kanporaketetatik bina bertsolarik eskuratu dute finalerako txartela, eta horiek osatu dute finaleko zortzikotea. 

Aurtengo bat-bateko lehian 23 bertsolarik parte hartu dute, eta horietatik 11 bertsolari izan dira eskualdekoak: Aner Peritz, Uxue Alkorta, Aimar Sorazu, Joane Aldalur eta Jon Azpiroz zarauztarrak; Irati Arakistain eta Joar Garate zumaiarrak; Imanol Albizu eta Iker Letamendia azpeitiarrak; eta Julene Iturbe eta Naia Arrizabalaga azkoitiarrak.

Iaz Imanol Albizu eta Oihana Labiano azpeitiarrak eta Aner Peritz eta Uxue Alkorta zarauztarrak aritu ziren bertsotan eskolarteko finalean. Aner Peritz bigarren sailkatu zen, eta beste hiru bertsolariak "gustura" gelditu ziren finalean egindako lanarekin. 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide