Ireki dute oinarrizko beharretarako dirulaguntzak eskatzeko epea Zarautzen

Urola Kostako Hitza 2019ko martxoaren 20a

Familiek zein norbanakoek eskatu dezakete dirulaguntza, eta besteak beste, argia eta gasa ordaintzeko, eskola materialaren gastuei aurre egiteko edo guraso bakarreko familiek seme-alaba adingabeak zaintzeko pertsonak kontratatu ahal izateko izango da. Iaz Zarauzko 180 familiak egin zuten eskaera.

Gloria Vazquez Gizarte Zerbitzuen saileko arduradunak aurkeztu ditu aurtengo oinarrizko beharretarako dirulaguntzak. (Dorleta Agiriano Lai)

Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak martxan jarri ditu aurtengo oinarrizko beharretarako dirulaguntzak, "gizarte ahuldade egoerei aurre hartzeko edo arintzeko" laguntzen barruan. "Egoera ekonomiko eskasean dauden Zarauzko familiei laguntzea" da helburua.

Oinarrizko beharretarako diru laguntzen bidez, familiek hainbat gasturi aurre egin ahal izatea bermatu nahi dute Gizarte Zerbitzuen sailetik, esate baterako:

  • Argia eta gasa.
  • Ur-hornidura eta zaborraren tasak.
  • Eskolek eskatzen dituzten ikasketa liburuak eta eskola materiala.
  • Zarauzko kirol instalazio publikoetan edo klubetan kirol jarduerak egiteko kuotak eta horiek egiteko beharrezko materiala eta arropa.
  • Eskolako joan-etorri gastuak ohiko etxebizitzetatik 50 kilometrora edo gehiagora badago eskola.
  • Guraso bakarreko familietako seme-alaba adingabeak zaintzeko pertsonak kontratatzeko gastuak.

Udalak kudeatutako Gizarte Larrialdietarako Laguntzak, Laguntza Indibidualak edo Eusko Jaurlaritzak kudeatutako Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eskatu ahal izateko, familien errentak "muga batetik beherakoa" izan behar du, Gloria Vazquez Gizarte Zerbitzuen saileko arduradunak azaldu duenez. Beraz, orain martxan jarri berri dituzten dirulaguntzen bidez, errentari dagokionez "muga horretatik gora kokatzen diren familiak ere laguntzea" da asmoa.

"Prozedura sinplifikatu" eta baremoa zabalduko dute, "familia gehiagorengana iristeko". Laguntzak esleitzeko, "familien 2017. urteko diru sarrerak eta ondarea" izango dituzte kontuan, eta "familia errenta estandarizatuaren sistema" erabiliko dute. Horretarako, hainbat faktore hartuko dituzte aintzat, hala nola, familia osatzen duen guraso kopurua eta seme-alaba kopurua.

Dirulaguntza "edonork" eskatu dezakeela azpimarratu du Vazquezek, ez soilik familiek: "Bakarrik bizi diren pertsonek edo pentsiodunek ere eskatu dezakete".

Kopuru finkoak

Zerrendatutako oinarrizko gastuei aurre egin ahal izateko dirulaguntza kopuru finkoak zehaztu dituzte. Esate baterako, eskola materiala ordaintzeko, urtean 150 eurokoa izango da laguntza, seme-alaba bakoitzeko. Argia ordaintzeko laguntza 550 eurokoa izango da urtean, eta ur-hornidurari eta zaborraren tasei aurre egitekoa, aldiz, 200 eurokoa.

Vazquezen arabera, dirulaguntzak eskatzeko eman beharreko urratsak "errazagoak" izatea bilatu dute urtez urte: "Orain, errenta aitorpena aurkeztearekin bakarrik ia nahikoa da". Bestalde, Zarauzko Gizarte Zerbitzuen sailak baimena eskatuko du "beharrezkoa duen guztia" "dagokion administrazioari" galdegin ahal izateko.

180 familia

Iaz 180 familiak eskatu zuten oinarrizko beharretarako dirulaguntza, eta batezbeste 570 euroko laguntza jaso zuen bakoitzak. Gehienez 1.200 euroko laguntza emango zaio familia bakoitzari, baina guraso bakarra izanez gero, gehienez 3.600 eurokoa ere izan daiteke.

2018. urtean 153 pertsonak eskatu zuten Gizarte Larrialdietarako Laguntza, eta "ia 200.000 euro bideratu zituen udalak". 2017. urtean eskaera gehiago izan ziren, hain zuzen ere, 175: "Horrek egoera sozioekonomikoa hobetzen ari dela adierazi dezake".

Iaz alokairua ordaintzeko izan ziren laguntza gehienak, baina baita osasun behar pertsonalei eta gas fakturei aurre egiteko ere. Gizarte Larrialdietarako Laguntza galdegin zuten gehienak emakumeak zirela azaldu du Vazquezek, %70 hain zuzen ere. Bestalde, guztira %70 ziren zarauztarrak: "Jendeak uste du dirulaguntzak kanpotik datozenentzat izaten direla, baina ez da egia".

Eskaera aurkezteko epea zabalik

Oinarrizko beharretarako dirulaguntza eskatzeko epea ireki dute dagoeneko. Apirilaren 1era arte egongo da zabalik, eta Herritarren Arreta Zerbitzuan (Kale Nagusia, 29) egin behar da eskaera. Errentaren aitorpena eramatea beharrezkoa izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide