"Milaka tutsi egon ziren gure parrokian. Guk alde egin eta lau edo bost egunera hil zituzten"

Kristina Berasain Tristan-Berria 2019ko martxoaren 20a

Ruandako gerra zibilaren eta genozidioaren bost lekukorekin elkartu da Berria egunkaria; Euskal Herrian bizi diren bi ruandar, eta han bizi izandako hiru euskaldun, horien artean, Juan Cruz Juaristi zarauztarra. Denek eman dituzte garai hartako testigantza latzak. Matxeteen genozidioa izan zen.

"Hemen nengoela jakin nuen hil zutela gure emagina zena. Senarra erizaina zuen, eta zazpi seme-alaba zituen. Familia ederra zen, tutsiak, autoa ere bazuten. Genozidioa hasi zenean, parrokiara joan ziren babes bila; ospitaletik 300-400 metrora zegoen parrokia, muino batean. Senarra hirira joana zen egun hartan. Hutuek Nyarutovuko eliza erretzeko mehatxua egin zuten, eta, azkenean, denak atera ziren. Hantxe hil zituzten, banaka-banaka, aurrena seme-alabak, eta azkena, propio, ama".

Jose Javier Etxeberriak (Goizueta, Nafarroa, 1956) eta Marian Aranazek (Barasoain, Nafarroa, 1962) Goizuetako euren etxeko atari ederrean hartu dute Berria. Etxeberriak karpeta potolo bat atera du. "Milaka diapositiba atera nituen, argazki gutxi, baina dena daukat hemen gordeta: garai hartako dokumentuak, egunkariak... Auskalo!". "Hemeroteka", dio andreak. Jada 25 urte luze pasatu badira ere, paperetan bai, baina bereziki bihotzean eta memorian idatzita daukate Ruanda. Genozidioa hasi baino urtebete lehenago itzuli ziren Euskal Herrira. "Oso hunkituta itzuli nintzen. Asko markatu gintuen. Oso gogorra izan zen. Ezagunak hil zituzten. Jende oso ona. Oso jatorrak. Asko estimatzen nituenak. Azkeneko momentura arte gurekin egondakoak. Oso gertukoak". Etxeberriak esaldi bakar batekin azaldu du genozidioaren ankerra: "Jendeak ordaindu egiten zuen tiroz hil zitzaten eta ez aihotzez". Matxeteen genozidioa izan zen Ruandakoa.

Nafarroako Medicus Mundiren Nembako ospitalean aritu ziren lanean senar-emazteak, mediku eta erizain gisa. «Ni 1988ko Errege egunean iritsi nintzen, eta 1993ko martxoaren 4ra arte egon nintzen han. Bost urte». Etxeberriak irribarre batekin gogoratu ditu hasierako urteak: «Bake giroan iritsi ginen Ruandara. Juan Carlos Aretxabaleta medikuarekin eta haren emaztearekin joan ginen; bi bikote. Afrikako Suitza deitzen zioten. Herrialde lasaia zen, oso polita, berdea, sumendiekin, muinoekin, gorilekin... Nafarroa halako bi da, herrialde txikia, eta garai hartan sei-zazpi milioi lagun izango zituen. Ehun bat oheko ospitalea zen gurea, eta lan handia egiten genuen, gau eta egun, baina ondo ginen. Erreferentziazkoa zen gure ospitalea».

Egun batetik bestera dena aldatu zen. "1990eko urriaren 1ean", zehaztu du Etxeberriak. "Bake garaian, zesarea mordoxka egiten genituen, baina, gerrarekin, denetarik egin behar izan genuen; metrailarekin zauritutakoak artatu, aihotzez zauritutakoak, minak lehertuta hanka gabe etortzen zirenak...".

Irakurri erreportajea osorik hemen

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide