Auzitegi Nazionaleko apelazio salak berretsi egin du ekainean Zigor Arloko lehen aretoak ebatzitako zigorra. Agintaritzaren kontrako atentatua egitea, desordena publikoa eragitea eta lesioak eragitea egotzita, hamahiru urte arteko zigorrak bere egin ditu Auzitegi Nazionalak.
Auzipetuen senideek manifestazioa deitu dute Altsasun martxoaren 24rako, igandea, Hau ez da justizia. Altsasukoak Aske lemapean. "Martxoaren 24ean duintasunez beteko ditugu kaleak berriz. Kasu honetan, Altsasuko kaleak beteko ditugu, gure seme-alabentzat justizia eskatzeko eta gizarte osoaren eskubideen eta askatasunen alde", adierazi dute.
Zarauztik Altsasuko mobilizaziora joateko autobusak antolatu dituzte. 12:00etan emango diote hasiera manifestazioari, eta 10:30ean aterako dira autobusak Zarauztik, Eguzki taberna aurretik. Izena eman daiteke dagoeneko, Eguzki edo Arrano tabernetan.