Bizitza erdigunean jartzearen garrantzia azpimarratu dute mugimendu feministako kideek gaur eguerdian, Zarauzko Lege Zaharren enparantzan elkartu diren ehunka herritarren aurrean. Goizean bizikleta martxan bezala, adin guztietako emakumeak batu dira bertan, baita hainbat gizonezko ere.
Gaurko prestatutako dantzak eta abestiak hartu dute protagonismoa, eta momentu hunkigarriak izan dira. Horren aurretik, ordea, zenbait adierazpen egin dituzte antolatzaileen ordezkariek.
Batetik, gogoan izan dituzte interna gisa lanean ari diren emakumeak eta, "protestarekin bat egin arren, greba egin ezin dutenak". Baita etxekoandreak eta zaintza lanak egiten dituzten emakume guztiak ere. Txaloak eskatu dituzte haientzat guztientzat, eta baita jaso ere, bildu direnen partetik.
Bestetik, eskerrak eman dizkiete grebara batu diren guztiei, eta modu batera edo bestera beren ekarpena egin dutenei.
Balorazio positiboa
Egunaren lehen balorazioa egin dio HITZAri Zarauzko koordinadora feministak. "Positiboa" izaten ari da jarraipena: "Goizean bizikleta martxa hastearekin batera euria hasi da baina aurrera egin dugu eta jende pila batek hartu du parte. Eguerdiko ekitaldian ere jendetza elkartu da, eta iazko kopuru antzekoetan gabiltza, 1.000 herritar inguru".
"Oraingoz giroa zoragarria da eta jende mordoa ari da etortzen". Dena den, arratsalderako jende gehiago animatzea espero dute.
Bestalde, jakinarazi dute herriko hainbat gune eta saltoki itxita daudela gaur. Esaterako, kiroldegia eta Eroski handia. AEK ere itxita dago.
14:00etan bazkaria egin dute merkatu plazako goiko solairuan, bakoitzak etxetik eramandakoarekin.
Hau da eguerdiko argazki bilduma:
Egitaraua
10:00. Gurpil martxa, Lege Zaharren enparantzatik abiatuta
12:00. Ekimena eta topagunea, Lege Zaharren enparantzan.
14:00. Bazkari autogestionatua eta jolasak, Lege Zaharren enparantzan
Arratsaldean, tailerrak Lege Zaharren enparantzan: hezkuntza, indarkeria sexista eta legeak, transexualitatea eta LGTBI kolektiboak, etxeko eta zaintza lanak, prekarietatea.
16:00. Eztabaida eta informazio txokoa, Lege Zaharren enparantzan
18:00. Mikro irekia: gitarra, dantza, kantua, Lege Zaharren enparantzan
19:00. Manifestazioa, Lege Zaharren enparantzatik hasita