Berrikuntzak izango dira aurtengo Mahasti Krosean

Urola Kostako Hitza 2019ko martxoaren 6a

Zarauzko Talai Berri txakolindegiak Mahasti Krosa antolatu du igande honetarako, martxoak 10, bigarren urtez jarraian. 10:30ean emango diote hasiera lasterketari, eta iazko ibilbide berdina egingo dute korrikalariek: Talai Berrin hasi, Mollarriko kargategitik pasatu eta mahastietan barrena igoko dira, 7'6 kilometroko bidea osatuz. Talai Berrin bertan amaituko dute korrika saioa. Itziar Eizagirre Talai Berriko ordezkariaren arabera "naturala da Mahasti Kroseko ibilbide guztia", eta beraz, "arduraz jokatzeko" dei egin diete parte hartzaileei zein ikusleei.

Eizagirrek azaldu duenez, aurten zenbait berrikuntza ere izango dira. Lasterketaren ostean hamaiketakoa eskainiko dute Talai Berri kanpoko zelaian, eta txakolina eta Eusko Label produktuak dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Luma Gorri, Barrenetxe, Basatxerri, Euskaber, Paturpat eta Urkaiko produktuak izango dira bertan, korrikalarientzat zein ikusleentzat.

Euro batean salduko dituzte txakolin edalontziak eta pintxoak, eta bildutako diruarekin Eusko Label produktuak erosiko dituzte Caritas elkartearentzat, "beraiek ikusi bezala banatu ditzaten".

Sari eta opari ugari

Hamaiketakoak irauten duen bitartean egingo dute sari banaketa, Talai Berri kanpoan. Hiru saritu izango dira emakumezkoen zein gizonezkoen kategorietan:

  • Lehenengo saria: txapela, Manu Urbietaren eskultura bat eta irabazlearen pisua adina Talai Berri txakolin botila.
  • Bigarren saria: Manu Urbietaren margolan bat eta 6 Talai Berri txakolin botila.
  • Hirugarren saria: Manu Urbietaren margolan bat eta 3 Talai Berri txakolin botila.

Bestalde, Eusko Label produktuekin osatutako 5 saski zozkatuko dituzte parte hartzaileen artean, eta guztiek jasoko dituzte lasterketaren kamiseta bat eta Talai Berri txakolin botila bat.

100 korrikalari

100 lagunek hartuko dute parte Mahasti Krosean, eta Eizagirrek adierazi duenez, kupoa bete dute dagoeneko. Larunbatean, martxoak 9, banatuko dituzte korrikalarien dortsalak, 17:00etatik 19:00etara Talai Berrin. Igande goizean bertan ere banatuko dituzte dortsalak, lasterketa hasi aurretik.

Antolatzaileen arabera, parte hartzaileen artean, %30 dira zarauztarrak. Korrikalari gehienak inguruko herrietakoak dira, baina badira bizkaitarrak eta naparrak ere. %25 dira emakumezkoak, iazko lasterketan baino %5 gutxiago.

Aurreko urtean Ander De Luis soraluzearra eta Elisabete Garate izan ziren Mahasti Kroseko irabazleak: 32 minutuan egin zuen ibilbidea De Luisek, eta Garatek, aldiz, 42 minutuan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide