Ohorezko B mailan jarraituko du Babyauto Zarautzek

Urola Kostako Hitza 2019ko martxoaren 5a

Durango Nissan Gaursaren aurka jokatutako partida irabazita, Ohorezko B mailari eutsiko dio Zarauzko gizonezkoen errugbi taldeak. Bi jardunaldi falta dira denboraldia amaitutzat emateko.

Durango Nissan Gaursaren aurka gailendu zen Babyauto Zarautz. (Jon Ander Vildosola)

Pasa den larunbatean, martxoak 2, errugbi norgehiagoka erabakigarria izan zen Astiko zelaian: Durango Nissan Gaursaren aurka jokatu zuen Babyauto Zarautzek, 16:00etan hasita. Garaipena lortuz gero, Ohorezko B mailari eustea lortu zezakeen Babyautok.

Hiru laurdeneko lerroaren jokoari heldu zion Zarauzko taldeak, eta 11 entsegu lortu zituzten. Aurrelariek hamabigarrena eskuratu zuten, eta Cittadinik horietako 7 transformatu zituen. Beraz, 74 puntu lortu zituzten guztira, eta durangarrek, 10.

Beraz, partida irabazita eta lortutako puntuei esker, Ohorezko B mailan jarraituko du datorren denboraldian Babyauto Zarautzek. Bi jardunaldi falta dira aurtengo denboraldia amaitutzat emateko, eta sailkapenean lehenengo bi postuetan dauden bi taldeen aurka jokatuko du Zarauzko taldeak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide