Zaintza gunea irekiko dute Putzuzulon Martxoaren 8an

Urola Kostako Hitza 2019ko martxoaren 5a

16:00etatik 20:30era haurrei zuzendutako zaintza gunea irekiko dute Zarauzko hainbat gizonek: "Mugimendu Feministatik egindako deialdiari jarraiki, greba babesteko asmoz, zaintza lanez arduratuko gara, emakumeek* greba egin dezaten".

Putzuzulo gaztetxea, eta atzean Salberdin eraitsita. (Aritz Mutiozabal)

Martxoaren 8ko greba feministari begira, Zarauzko hainbat gizonek "zaintza sarea" ehuntzeko prozesua abiatu dute, greba egunean zaintza gune bat irekitzeko: "Mugimendu Feministatik egindako deialdiari jarraiki, greba babesteko asmoz, zaintza lanez arduratuko gara, emakumeek* greba egin dezaten".

Gauzak honela, ostiral honetan Putzuzulo gaztetxean irekiko dute haurrei zuzendutako zaintza gunea, 16:00etatik 20:30era. Goiko gelak haur gazteenentzat egokituko dituzte, eta beheko zatian, musika txokoa eta margoketarako txokoa izango dira. 17:30ean jatekoa eskainiko dute.

Zaintza sarea osatzen

Bi txandatan antolatuko dira zaintza guneaz arduratuko diren gizonak: 16:30etik 18:30era izango dira batzuk, eta 18:30etik itxi arte besteak. Greba feminista "babestu" nahi izanez gero, zaintza sarean izena emateko gonbidapena luzatu dute, email bidez (zaintzasarea@gmail.com).

Bestalde, emakumeei dagokienez, zaintza sarearekin harremanetan jartzeko dei egin diete saretik: "Greba egunean izan ditzakezun beharrak bilduko ditugu eta gizonen artean banatuko ditugu, zuk mobilizazioetan parte hartu ahal izateko". Email helbide berdina baliatuko dute emakumeen eskaerak jasotzeko (zaintzasarea@gmail.com).

Ostegun honetan, martxoak 7, zaintza gunea antolatzeko azken bilera egingo dute, 19:00etan Putzuzulo gaztetxean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide