Bakardadeari buruzko ikerketaren emaitzak aurkeztuko dituzte ostegunean

Urola Kostako Hitza 2019ko otsailaren 25a

"Zarautzen bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonen egoera ezagutzeko" eta "euren beharrak identifikatzeko" ikerketa egin du Zarauzko Udalak. Ostegun honetan aurkeztuko dituzte emaitzak eta ondorioak, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegiko hitzaldi aretoan.

Zarauzko Adinekoen Mahaian iaz erabaki zuten "bakarrik dauden adineko pertsonen" inguruko ikerketa bat egitea, Euskadi Lagunkoia ekimenaren barruan. Beraz, Zarauzko Gizarte Zerbitzuen sailetik urrian jarri zuten martxan bakardadeari buruzko ikerketa, "Zarautzen bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonen egoera ezagutzeko" eta "euren beharrak identifikatzeko" asmoz. Eskuratutako informazioari esker, Gizarte Zerbitzuetako baliabideak egokitzea eta hobetzen saiatzea bilatu nahi dute, Miren Letamendia Zarauzko Osasun zinegotziaren arabera.

IKEI enpresak egin du ikerketa, eta dagoeneko bildu dituzte emaitzak eta ondorioak. Ostegun honetan, otsailak 28, egingo dute ikerketa oinarri hartuta idatzitako txostenaren aurkezpena. 11:00etan izango da, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegiko hitzaldi aretoan, eta "proiektuan zein ikerketaren emaitzetan interesa duen pertsona oro" gonbidatu du Zarauzko Udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide