Enrike Kortajarena eta Maialen Saez saritu ditu Gipuzkoako Kirol Federazioen Elkarteak

Urola Kostako Hitza 2019ko ots. 15a, 15:39

Federazio bakoitzeko sari bat banatu ohi dute urtero, eta aurtengoan Enrike Kortajarenari eman diote halterofilia sailekoa eta Maialen Saezi surfekoa.

Kortajarenak 1968ean sortu zuen Zarauzko halterofilia elkartea beste zarauztar batzuekin batera, eta harrezkero ez da halterofilia mundutik aldendu. Egun entrenatzaile lanetan aritzen da, baita beste zenbait kirolariri prestaketa lanetan laguntzen ere. Duela gutxi, ordea, datozen hilabeteetan bere ibilbidea amaitutzat emango duela iragarri du.

Maialen Saez Gipuzkoako Surf Federazioko presidentea da, egun. Bertako Zuzendaritza Batzordeko kide guztiak emakumeak dira, eta kudeaketari bultzada eman nahian dihardute azken urteetan, proiektu berritzaileen bidez. Duela gutxi, eskaera historikoa egin dio Kalifornian dagoen Nazioarteko Surf Federazioari, euskal selekzioari ofizialtasuna aitor diezaioten. Ebazpena baiezkoa izatekotan, mundu mailako txapelketetan lehia dezakeen euskal selekzioa sortuko litzateke.

Horrez gain, Kandido Mitxelena azpeitiarra zenari aitortza egin zion Gipuzkoako Kirol Federazioen Elkarteak galan. Izarraitz Igeri Elkarteko eta Gipuzkoako Igeriketa Federazioko presidente ohia izan zen Mitxelena, eta haren senitartekoak izan ziren oholtza gainean oroigarria jasotzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide