Lizentziadun berrien ehizan

Urola Kostako Hitza 2019ko urtarrilaren 18a

Azken bi urteotan Gipuzkoan jaitsi egin da triatloiko lizentziadunen kopurua. Horren jakitun, hiru kirol horiek sustatzeko kanpaina abiatu dute hainbat herritan. Azkoitiko Azkoitri Triatloi Klubak eta Zarautz Triatloi Elkarteak bat egin dute Gipuzkoako Triatloi Federazioaren kanpainarekin.

Zarautz Triatloi Elkarteko kideak. (Zarautz Triatloi Elkartea)

Triatloiko lizentziadunen kopurua jaitsi egin da azken bi urteotan. Horregatik, triatloia sustatzeko eta jendea lizentziak egitera animatzeko kanpaina abiatu du Gipuzkoako Triatloi Federazioak. "Gipuzkoako triatloi taldeei kanpainarekin bat egin zezaten eskatzea pentsatu genuen, jende gehiagorengana irits gaitezen", adierazi du Iban Perez federazioko presidenteak. "Triatloia ezagutarazteaz gain, jendeari lizentziak egiteko erraztasunak eman nahi dizkiogu". Zazpi triatloi taldek erabaki dute federazioaren kanpainarekin bat egitea: Aloña Mendik, Azkoitri Triatloi Klubak, Deba Extremek, Nik Tri Triatloi Taldeak, Trinko Lasarte-Oria Triatloi Taldeak, Ordizia Triatloi Taldeak eta Zarautz Triatloi Elkarteak.

Kanpaina "batez ere, bisuala" izango da, Perezen arabera. "Kartela diseinatzeko, inprimitzeko, banatzeko eta taldeei formakuntza emateko konpromisoa hartu genuen guk. Eta taldeek konpromisoa hartu dute kanpainaren kartela herrian jendeak ikusteko moduko leku batean jartzeko, eta urtarrilean gune horietan ikusgai izateko". Talde bakoitzak aukeratu du kartela ezartzeko lekua. "Gure gomendioa izan da leku hori kiroldegia edo kirola egiten dutenak ibiltzen diren lekuren bat izatea. Talde batek baino gehiagok erabaki dute herriko leku batean baino gehiagotan jartzea", azaldu du Perezek.

Azkoitri Triatloi Klubekoek, esaterako, Azkoitiko Elkargunean eta Azpeitiko kiroldegian jarri dute kartela. Zarautz Triatloi Elkartekoek, berriz, Zarauzko kiroldegiko sarreran. Bi aukera dituzte triatloiko lizentzia egiteko interesa dutenek: bata, herri bakoitzeko triatloi taldera jotzea; bestea, Gipuzkoako Triatloi Federazioarekin harremanetan jartzea, gipuzkoakotriatloifederazioa@gmail.com helbidera edota 677 243 198 Whatsapp zenbakira idatzita —17:00etatik 20:00etara—. Perezek adierazi du, lizentzia egiteko interesa duen norbait joango balitzaie, dagokion zonaldeko taldera bideratuko luketela eurek, "talde bakoitza mundu bat baita". "Bere eskaintza egiten du bakoitzak: talde batzuek beren gain hartzen dute lizentzien kostuaren erdia, esfortzu froga doan egiteko aukera eskaintzen dute beste batzuek…".

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide