Izotz Barrio, Usua Garin eta Andrea Lopetegi, atzo saria eskuetan (Argazkia: Lou Dokumentala facebook)
"Emoziotik egindako dokumentala da, eta uste dugu publikoarengana iritsi egin dela hori" eta horregatik saritu zituztela atzo, larunbata, Donostian. Hala azaldu dute Andrea Lopetegi eta Usua Garin egile zarauztarrek gaur Euskadi Irratiako Amarauna saioan.
Ez zuten espero saririk eskuratzerik Dock of the Bay musika dokumentalen jaialdian, irratian Usua Garinek eta Andrea Lopetegik aitortu dutenez. Atzo publikoaren saria jaso zuten, eta pozarren dira egileak. Izotz Barriok eta hirurek egin dute Lou Olangua zenari buruzko dokumentala, eta azpimarratu dute "emoziotik" egindako lan bat izan dela, eta antza, ikusleek ere nabaritu dutela hori.
Euskadi Irratiako Amarauna saioan hitz egin dute gaur Garinek eta Lopetegik. Dokumentala estrenatu zuten uneaz ere aritu dira. "Tentsioan" egon ziren hiru egileak, beraientzat oso garrantzitsua zelako ikusleen erreakzioa, Louren familia eta lagunak baitzeuden. Baina emanaldiaren ostean erlaxatzen hasi zirela azaldu dute, "Louren familiak eta lagunek besarkadak eman zizkigutelako eta lortu genuelako Lou zena erakustea dokumentalean".
Esan dute "hunkituta" gelditu zirela emanaldi haren ostean, "ezagunak eta ezezagunak gerturatu zitzaizkigulako eskerrak ematera eta besarkatzera".