Eman diete hasiera Zarauzko sanpelaioei

zarauzkohitza.eus Aktualitatea. 2017ko ekainaren 25a

12:00etan bota dute San Pelaio jaiak iragartzen dituen txupinazoa udaletxeko balkoitik. Aurten, Nerea Isusiri egokitu zaio ardura hori, XXXIX. Haurren Agerraldiko Danbor Nagusiari. Aginte makila jaso du Xabier Txurruka alkatearen eskutik, eta ekitaldian izan dira gainontzeko zuzendariak ere: Azken Portutik irtengo den taldeko zuzendari Garazi Uyarra eta Nora Hernandez; Iñurritzatik aterako den taldeko zuzendari Julen Taboada eta Alex Aguado; Isusirekin batera, Vista Alegretik irtengo den taldeko zuzendari Asier Egaña eta Nahia Sanz zein Ibai Diaz, Itxasmenditik aterako den taldeko zuzendariak. Jende ugari bildu da Lege Zaharren enparantzan une hori bertatik bertara jarraitu eta Erraldoi zein Buruhandien Topaketaz gozatzeko. Jaiak iragartzen dituen txupinazoa botata, kalejira egin dute herritarrek erraldoiez, buruhandiez eta Mauxitxa txarangak lagunduta. Aurten, Hondarribiako Izugarria, Iruñeko Alde Zaharreko Erraldoiak eta Zarauzko Erraldoi eta Buruhandien elkarteak hartu dute parte topaketan. Era berean, koadrila ugari bildu da Munoan, lehiaketarako paellak prestatzeko. Apurka-apurka baltsak eramaten ere ari dira plaza horretara, 17:30ean hasiera emango dioten lasterketarako. Haurren danborrada, berriz, 18:30ean abiatuko da lau auzoetatik. 20:00etan bilduko dira Lege Zaharren enparantzan, elkarrekin jotzeko. Argazki galeria guztiak Zarauzko Hitzaren webgunean daude ikusgai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide