'Emoción' liburuaren aurkezpena.
Gaur goizean 'Emoción' liburua aurkeztu du Juan Mari Tolin argazkilariak Zarauzko udalbatzar aretoan. Ekitaldian parte hartu dute argazkilari zarauztarrak berak, Mikel Astarloza eta Igor Astarloa txirrindulari ohiek eta Zarauzko alkate Xabier Txurrukak.
Juan Mari Tolin argazkilaria da, baia txirrindularitzaren zale amorratua ere; ofizioa afizioarekin bat egin du, eta 25 urte daramatza kamera eskuan duela Euskal Herriko txirrindularitza lasterketetan argazkiak ateratzen. Euskal Herriko, Espainiako eta nazioarte mailako komunikabideetarako lan egin du zarauztarrak, txirrindularitza lasterketen berri emanez, eta orain Emoción liburua argitaratu berri du autoedizioz.
20 txirrindulari protagonista
Emoción liburuak 20 txirrindulari ditu protagonista: Marino Lejarreta, Abraham Olano, Joseba Beloki, Mikel Landa, Joane Somarriba, Haimar Zubeldia, Markel Irizar, Juanma Garate, Mikel Astarloza, Mikel Nieve, Roberto Laiseka, Igor Astarloa, Ion Izagirre, Leire Olaberria, Omar Fraile, Patxi Vila, David Etxebarria, Amets Txurruka, Gorka Izagirre y Jon Odriozola. Tolinek azken 25 urtetan zehar txirrindulari horiei ateratako argazkiak, 350 iruditik gora, eta azken hiru urte eta erdian egindako elkarrizketak biltzen ditu lanak. Egileak aurkezpenean azaldu duenez, liburuarekin Euskal Herriko txirrindularitza aitortu nahi izan du bere osotasunean. "Txirrindularitza iceberg moduko bat da. Tontorrean txirrindulari profesionalak daude, baina icebergean gertatzen den moduan, ezkutuko lana egiten duten lagun mordoak osatzen dute euskal txirrindularitza: afizioak, babesleek, gaztetxoekin entrenatu eta lasterketaz lasterketa ibiltzen diren herri mailako taldeek eta lasterketak antolatzen dituztenek eta dena primeran atera dadin boluntario lanak egiten dituzte herritarrek, besteak beste. Denok familia handi bat gara, eta horiei guztiei egindako lana eskertu nahi diet liburuarekin", azaldu du.
Mikel Astarloza txirrindulariaren iritziz, "txirrindularitza eta txirrindulariak barrutik ezagutzeko aukera aproposa da liburua". Izan ere, elkarrizketetan anekdotak, bizipenak, bitxikeriak, ibilbide profesionala eta beste hainbat gai jorratzen dituzte protagonistek. "Urte askotan zehar ondoan izan ditudan kideak sakonago ezagutzeko balio izan dit liburuak", aitortu du Astarlozak aurkezpenean.
Liburua salgai dago Juan Mari Tolin argazkilariaren webgunean.