Aurten irristaketa proba ere egingo dute Zarauzko San Silvestre lasterketan

Urola Kostako Hitza 2018ko abe. 26a, 17:15

Astelehen arratsaldean egingo dute urteko azken kirol ekimena, eta Musika plazan hasi eta bukatuko da.

ZKE Irristaketa Taldeko kideak. (Zarauzko Hitza) Urteari kirola eginez amaiera emateko, abenduaren 31rako San Silvestre lasterketa antolatu du Antoniano Kirol Elkarteak aurten ere. Dena dela, berrikuntza nabarmena izango du 2018ko edizioak, lehen aldiz irristaketa probak ere egingo baitituzte San Silvestrean. Astelehen arratsaldean egingo dute urteko azken kirol proba, eta lehenik eta behin haurren txanda izango da;17:00etan 13 urte bitarteko neska-mutilak aterako dira korrika, eta 17:05ean haurren irristaketa lasterketari emango diote hasiera. Jarraian, 17:30ean korrika aterako dira gazte eta helduak, eta 18:00etan nagusien irristaketa proba abiatuko dute. Proba guztiak Musika plazan hasi eta bukatuko dira, eta txikienek Alde Zaharrari itzulia ematen dioten bitartean, helduek 4 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Korrikako proba nagusian parte hartu nahi dutenek, izena aurrez eman dezakete Helmuga Kirolak dendan, 5 euro ordainduta; eta egunean bertan 7 euro balioko du inskripzioak. Irristaketa lasterketa nagusian parte hartzeko berriz, ez da izenik eman behar, baina antolatzaileek nabarmendu dute baldintza bakarra kaskoa jantzita eramatea dela. Irristaketa ezagutarazteko aukera ZKE Irristaketa Taldeko kide Junkal Artolak azaldu duenez, San Silvestrean irristaketa lasterketa egitea "garrantzitsua" da kirola herritarren artean ezagutarazteko. "San Silvestre lasterketan jai giroa izaten da nagusi, eta aukera aproposa da herritarren artean patinetan irristaka ibiltzeko zaletasuna bultzatzeko. Horregatik, Antoniano Kirol Elkarteari aurten San Silvestrean irristaketa proba egitea proposatu genion, eta bertako kideek oso ondo hartu zuten ideia. Oso gustura gaude urteko azken egunerako elkarlanean kirol jaialdi polita antolatu dugulako". EGITARAUA Abenduak 31, astelehena - 17:00. Haurren lasterketa korrika. - 17:05. Haurren irristaketa proba. - 17:30. Nagusien lasterketa korrika. - 18:00. Nagusien irristaketa proba.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide