Aula/Gela programako saioa Photomuseumen izango da 18:00etan hasita, eta doakoa izango da.
Photomuseumek sustatu eta Zarauzko Udalak babestutako Aula/Gela kulturaren difusiorako programaren barruan, ostiralean saioa izango da Photomuseumen, Marcel Carné zuzendari frantsesa ardatz hartuta. 18:00etan hasiko da, eta sarrera doakoa izango da.
Marcel Carnéren biografia txikia
Carné zinema mutuan hasi zen lanean eta Jacques Feyder zuzendariaren laguntzailea izan zen. Bere lehen filma 25 urterekin zuzendu zuen, Jacques Prévert olerkigile eta gidoilariaren laguntzarekin, eta ordutik hamabi urtean lan egin zuten elkarrekin.
Bigarren Mundu Gerran zehar, Frantzia Alemaniaren menpe zegoela, Carnék Vichyn lan egin zuen, eta artea kontrolatzeko erregimenaren saioen aurka matxinatu zen. Han filmatu zuen bere maisulana: Les Enfants du paradis.
Dena dela, 1950ko hamarkadan, publiko frantziarrak film erromantikoak eta komediak eskatzen hasi zen, eta ez zegoen tarterik Carnék egiten jarraitzen zuen zine gordinarentzat. Horregatik, bere azken filmek arrakasta gutxiago izan zuten.