Atzoko podiuma, Asteasun. (Joseba Ostolaza Harri Eskola)
Larunbat gauean Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa jokatu zen Asteasun, eta Joseba Ostolaza Harri Eskolako kide Jokin Eizmendi zarauztarrak irabazi du 2018ko txapela, aurkariei errenta nabarmena aterata. Ikuskizun eder eta berritzaileaz gozatzeko aukera izan zuten hitzordura bertaratu edo telebistaz jarraitu zutenek, eta harri-jasotzea indartsu dagoela argi geratu zen beste behin.
Hasiera batean txapelketan zazpi harri-jasotzailek parte hartu behar bazuten ere, Aimar Irigoien errezildarrak min hartu eta txapelketan parte ez hartzea erabaki zuen. Beraz, sei izan ziren atzo ring-era igo zirenak, horietatik lau eskualdekoak.
Lau harri jaso zituzten harri-jasotzaileek: laukizuzena (175 kilo/200 kilo), zilindrikoa (175 kilo/200 kilo), kubikoa (150 kilo) eta bola (125 kilo). Hiru minutuz aritu ziren parte-hartzaileak harri bakoitzarekin, eta lehen harriarekin Eizmendi, Jon Unanue
Goenatxo eta Aimar Galarragaren artean lehia estua izan bazen ere, koparekin erakustaldia eman zuen Eizmendik, 13 jasoaldi eginda, eta txapelketaren buruan jarri zen. Gainera, lortutako errenta handitzea lortu zuen kubikoarekin eta bolarekin ere. Denera, 9.025 kilo jaso zituen Jokin Eizmendik Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan.
Lehia estua
Bigarren postua lortzeko lehia estua izan zen. Hasiera batean Galarraga zen bigarren postua lortzeko faborito nagusia, baina oriotarra kubikoarekin ez zen ondo moldatu, eta aurrea hartu zioten Goenatxo azkoitiarra
k eta Imanol Illarramendi
Kortaberri aiarrak. Azkenean, azkoitiarrak lortu zuen bigarren postua, azken segundoetan harriari jasoaldia eman eta Kortaberrik baino 25 kilo gehiago jasota.
Sailkapena
1.- Jokin Eizmendi (9.025 kilo).
2.- Jon Unanue
Goenatxo (6.625 kilo).
3.- Imanol Illarramendi
Kortaberri (6.600 kilo).
4.- Aimar Galarraga (5.850 kilo).
5.- Iban Ugartemendia (5.000 kilo).
6.- Julen Diaz (3.650 kilo).