Pozez zoratzen daude Gemma eta Amaia Silvan ahizpak. Izan ere, Eguberritako loteriako sari nagusia egokitu zaion zenbakia saldu dute Eroski merkatalgunean duten loteria saltokian. Duela hiru urte hasi ziren Silvan ahizpak loteria saltzen, eta "zenbaki sariduna saltzen dugun lehen aldia izan da", adierazi dute.
Silvan ahizpek ez dituzte ohiko dezimoak saltzen, terminalekoak, makinakoak baizik, eta ez dakite nori tokatu zaion sari potoloa. "Dena dela, oso pozgarria izan da guretzat zenbaki sariduna saldu dugula jakitea, Zarautzen sari nagusia tokatzen den lehen aldia baita", nabarmendu dute.
Bosgarren sari baten dezimoa, Azpeitian
Azpeitian saldu dute gaurko zozketan banatu dituzten zortzi bosgarren sarietako baten dezimo bat. 02308 da Azpeitian saria utzi duen zenbakia; herrian saldu den txartel bakarrak 6.000 euroko saria du. Makina bidez eskuratutakoa da zenbakia, argitu dutenez; Goikokaleko Valverde dendako makinan, hain zuzen ere.