Mikel Agote eta Johnny Cabianca. (Amaia Urbieta Arruti)
Johnny Cabiancak Hawaiien jokatutako surf txapelketa osoa gertutik jarraitu zuen astelehen gauean. 19:00etatik 02:00 ingurura arte egon zen emaitzaren zain. Hain zuzen ere, surfean munduko txapeldun suertatu zen Gabriel Medina surflariaren taulak egiten ditu Cabiancak, Abendaño industrialdean daukan tailerrean. Mikel Agoterekin batera, modu artisauan egiten du lan, eta atzo goiza tailerrean lanean igaro zuten biek, ospakizunak ospakizun. Cabiancak oraindik ezin izan du harremanetan jarri Medinarekin. «Ziur Hawaiien oraindik ez dela festa amaitu».
Brasilgo herri berekoak dira Gabriel Medina eta Jonny Cabianca, hain zuzen ere, San Sebastianekoak (Sao Paulo, Brasil). Gaztetatik ezagutu zuen Medina, bere aita-ordearekin zeukan laguntasunagatik. Herri horretan hasi zen, beraz, surflariaren eta taula-egilearen arteko harremana.
15 urte zituenean egin zion lehen taula, eta garai bertsuan hasi zen mundu mailan lehiatzen Medina gaztea. Harrezkero, surf taula pertsonalizatuagoak egin dizkio Cabiancak, eta Mikel Agote lankideak baieztatu duenez, «beste inork ezingo luke egin Medinaren oinetara horren ongi egokitutako oholik».
Urtean 110 taulatik gora egin ohi dizkio. Martxoan hasten da denboraldia Medinarentzat, eta Gabonetan opor egunak izango dituen arren, Cabianca urtarrileko denboraldi-aurrerako taulen prestaketan buru-belarri murgildua dago.
Munduko fabrikatzaileen artean ezagunak dira Cabiancaren oholak. «Orain, Medinaren garaipenarekin, fabrikatzaileek ez ezik surflariek ere bilatuko naute, ziurrenik». Gehien bat surflari profesionalak dira Cabiancagana jotzen dutenak. «Maila altuko surflarientzako taulak egiten ditugu, xehetasun tekniko espezifikoak bilatzen dituztenentzat». Beste hainbat negoziotan gertatzen den moduan, surfeko oholen fabrikazioa ere «oso globalizatua» dagoela azaldu du Cabiancak. «Asiako merkatua oso indartsua da. Asko eragiten digu horrek guri, prezioen arteko aldeak oso handiak baitira. Gu ez gara ekoizle handiak, ez dugu asko produzitzen, baina ahalegin guztia egiten dugu sortzen dugun hori lehen mailako kalitatezkoa izan dadin». Bezeroarekin zuzenean hitz eginez egiten dute lan Agoteren eta Cabiancaren tailerrean, eta horrek «lan eta denbora asko eskatzen du».