Urola Kostako harri-jasotzaileak nagusi Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan

Urola Kostako Hitza 2018ko abe. 17a, 15:33

Aimar Galarraga, Jokin Eizmendi eta Imanol Illarramendi Santio Errekako eskolan.
(Aiora Larrañaga) Abenduaren 22an Harri Handien Euskal Herriko Txapelketako finala jokatuko dute Asteasun, eta Urola Kostako harri-jasotzaileak izango dira nagusi: eskualdeko bost harri-jasotzailek hartuko dute parte lehian. Aimar Irigoien errezildarra izan zen iazko txapelduna, eta aurten ere bertan izango da. Jon Unanue Goenatxo azkoitiarrak ere parte hartuko du, eta baita Ostolazaren Eskolako Jokin Eizmendi zarauztarrak, Aimar Galarraga oriotarrak eta Imanol Illarramendi Kortaberri aiarrak ere. Guztira, zazpi harri-jasotzailek jokatuko dute Asteasuko txapelketa. Eskualdeko bost kirolariez gain, Iban Ugartemendia eta Julen Diaz lehiatuko dira Harri Handien txapelarengatik. 22:00etan izango da saioa, eta lau harri altxatu beharko dituzte: laukizuzena (175 kilo/200 kilo), zilindrikoa (175 kilo/200 kilo), kubikoa (150 kilo) eta bola (125 kilo). Hiru minutuz arituko dira harri bakoitzarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide