Zarauzko AEK-k antolatutako San Tomas azoka, artxiboko irudian. (Argazkia: Zarauzko Hitza)
San Tomas eguna abenduaren 21 da. Bada, ordea, jaia asteburu honetan hasiko duenik. Getarian eta Zarautzen, esaterako, bihar hasiko dituzte lehen ospakizunak. Goizean zehar, ohi bezala, txistorra eta taloak dastatzeko aukera izango da bi herrietan. Hainbat jarduera ere antolatu dituzte, Zarautzen AEK-k eta Getarian Gure Txeru kultur elkarteak.
12:00etatik 14:00etara bitartean, talo eta txistorra postuak jarriko ditu Gure Txeruk Getariako frontoian. Kasu honetan, elkarteko kideek prestatutako taloak dastatu ahalko dituzte bertaratzen direnek, eta sagardoa ere eskainiko dute jatekoari laguntzeko. Era berean, musika izango da festa giroa biribiltzeko.
Horrekin batera, Urritza aisialdi taldeko kideek haurrei zuzendutako gabonetako apaingarrien tailerra antolatuko dute, 12:15etik aurrera. Eguraldi txarra egingo balu, Katxopa gaztelekuan egingo lukete tailerra. Arratsaldean jarraituko du festak: Gabonetako kantuen entsegua egingo dute Txerun. Ondoren, txokolate beroa eskainiko diete herritarrei Gure Txerukoek.
Zarautzen, urtero bezala, AEK-k antolatu ditu santomasen bueltako ospakizunak. Herritarren bilgune izan nahi duen goiza antolatzen aritu dira azken hilabeteotan. 10:30ean mintzodromoa egingo dute, eta euskaraz hitz egin nahi duen bidelagun zein bidelari oro ongietorria izango dela jakinarazi dute antolatzaileek.
Etxeko txikienak ere jaian parte hartzaile izan daitezen, Ana Galarragaren eskutik, haurrentzako tailerrak eta esperimentazio jarduerak izango dira. 13:00etan, berriz, Big Bob Railroad blues bikotea igoko da oholtza gainera, jaia girotzera.
Goizean zehar, otarrak eskuratzeko aukera ere izango da zozketako boletoak erosiz gero. Horrez gain, urtero bezala, txistorra lehiaketa ere jokatuko da. Jakinarazi dutenez, Euskaraldiko batzordekoek osatuko dute epaimahaia oraingoan. Iaz, esaterako, Etor Harategiak irabazi zuen txistorra lehiaketa. Iaz Zarautz Libre taldeak hartu zuen talopostua jartzeko ardura, eta Danda Gazte Asanbladako kideei pasa diete aurten postuaren lekukoa.
Zarautz
Goizean zehar, taloak, Korrikako postua, zozketa eta txistorra lehiaketa.
10:30. Mintzodromoa.
12:00. Haurrentzako ipuinak eta esperimentazioa, Ana Galarragarekin.
13:00. Musika eta dantza, Big Bob Railroad blues bikotearen eskutik.
Getaria
12:00-14:00. Txistorra eta taloak, frontoian.
18:00. Gabonetako kanten entsegua, Txerun.
Ondoren, txokolate beroa.