Zarauztarrak, gaztainazaleak

Onintza Lete Arrieta 2018ko abenduaren 8a

Egunero zakuka gaztaina saltzen dute Kale Nagusiko postuan, eta Mari Carmen Caballero saitzaileak bere lanari buruzko xehetasunak eman ditu. Herrian gaztainak jateko ohitura handia dagoela uste du, eta salmentei kalte egiten dien bakarra euria dela azpimarratu du.

Mari Carmen Caballero, orain aste batzuk bere postuan (Onintza Lete Arrieta) Galiziako gaztainak dira Zarauzko Kale Nagusian saltzen dituztenak, eta erosle ugari izaten dute: batzuk eguneroko bezeroak dira, eta bisitariak ere asko izan ohi dira. Kazetaria gaztaina saltzailearekin aritu den minutuetan, denek goraipatu dute zeinen goxoak dauden. Erosle batek galdetu du nongoak diren gaztainak. "Galiziakoak? Ah, noski, gaztainen lurraldea baita Galizia". Beste batek erantzun dio garai batean Euskal Herrian ere gaztainondo ugari zegoela eta hemengo jakia ere badela, baina azken urteetan galdu egin dela gehiena. Mari Carmen Caballero donostiarrak 25 minutuz erretzen ditu, su motelean, butano gasarekin dabilen parrila handi batean. Ondoren, mantaren pean gordetzen ditu, ez daitezen hoztu. Hortik ateratzen ditu gero erosleei emateko. "Gaztainak beti bero egon behar du, bestela galdu egiten du grazia". Hain justu, bisitari batek galdetu dio ea orain erosi dituen gaztainak gero jan ditzakeen, etxean. Baina argi du erantzuna Caballerok: askoz goxoago daude momentuan janez gero. "Eta labean sartzen baditut?", jarraitu du bezeroak. "Nik ez nuke egingo. Batzuek mikrouhin labean sartzen dituzte, baina hobe da zain-zain egon, une batetik bestera gogor-gogor jartzen direlako".

Egunero 15 kiloko zaku bat

Zakuka kontatzen du saltzen duen kopurua. Normalean, egunean zaku bat saltzen da; 15 kilo, gutxi gorabehera. Kazetariari kopuru handia iruditu zaio. "Bai, bai, asko da. Zarauztarrak gaztainazaleak dira, baita bisitariak ere. Hemen ohitura handia dago, eta umeek ere ohitura handia dute, sinestezina dirudien arren". Hori kontatu eta gutxira iritsi dira postura ama-seme batzuk. Haurra gaztainak jateko gogoz gelditu da, ordea. Izan ere, momentu horretan ez dauzka prest. Mantapekoak agortuta, eta besteak parrilan pixkanaka erretzen, itxoitea tokatzen zaie bezeroei.

Egunero zabalik

Urri erdian ireki zuen postua Caballerok, eta egunero-egunero irekita mantenduko du, urtarrila edo otsailera arte. 16:00-16:30ak aldera hasten da gaztainak erretzen, eta 21:30ak aldera amaitzen du lana. "Ez dakigu noiz arte iraungo duen aurtengo kanpainak. Iaz, esaterako, gaztaina gutxi izan zen Galizian, suteen eta lehorteen erruz. Urtarrila erdialderako gaztainarik gabe gelditu ziren, eta postua orduan itxi genuen", azaldu du. "Errioxako El Castañero enpresak kudeatzen ditu postu hau eta beste asko, eta nagusiak esan zidan inoiz ez zuela iazkoa bezain urte kaskarrik ezagutu gaztaina kopuruari dagokionez". Hotzak on egingo dio negozioari, ezta? "Noski! Kalte egiten digun bakarra euria da. Hotzik egin ez duen egunetan ere saldu dut, jendea gaztaina gogoz dagoelako".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide