(@XabiTxurruka)
2017ko azarotik itxita dago Modelo aretoa. Herriko zinema bakarra eta kultur areto nagusia da, eta horregatik, hura irekitzeko zain izango da herritar asko. Aurreko udalak erosi zuen eraikina, eta iazko abendutik obretan aritu ondoren, lanak azken txanpan sartuak dira. Hala, okerrik ezean, beranduenez urtarrilean zabalduko ditu ateak berriz.
Kultura Saila arduratuko da Modelo kudeatzeaz, eta dagoeneko prest dute datorren urteko egitarauaren zati handiena. Asteburuetako filmez gain, aste barrurako hainbat emanaldi lotu dituzte. Hala ziurtatu dio egunkari honi Xabier Txurruka alkateak. Aurrerago jakinaraziko dute egitarau zehatza.
Bien bitartean, inkesta bat dute martxan, herritarren iritzia biltzeko. Galdera batzuk ordutegiei buruzkoak dira, bai haurren emanaldiei dagokienez, zein helduenei dagokienez. Zinema emanaldientzat badute prest ordutegi proposamen bat, eta jakin nahi dute ea herritarrei ondo iruditzen zaien, ala nahiago duten beste bat. Hau da proposamena: ostiraletan 22:00etan; larunbatetan eta igandeetan 17:00etan, 19:30ean eta 22:00etan; eta astelehenetan 17:00etan eta 20:00etan. Emanaldiak proposatzeko aukera ere badute herritarrek (zarauzkohitza.eus atarian dago lotura inkesta egiteko).