Bertol Arrieta.
Arabako Foru Aldundiak erabaki du zeintzuk izango diren 2018ko literatura sarien irabazleak, eta horien artean dira bi eskualdeko idazle. Hain zuzen ere, Bertol Arrieta zarauztarra izan da garaile euskarazko ipuinen atalean, eta Juan Luis Sudupe azkoitiarraren saiakera nagusitu da Becerro de Bengoa sarian.
Ignacio Aldekoa ipuin lehiaketaren XLVII. edizioa izan da aurtengoa, eta 488 lan lehiatu dira saria lortzeko, iaz baino 71 gehiago. Euskarazko ipuinei dagokienez, Bertol Arrietak lortu du saria Bi doberman beltz lanarekin. Epaimahaiak nabarmendu du ipuinak nolako freskotasunez jakin duen islatzen eszenarik errealistenak. "Ipuinaren erritmoa narrazio planteamendu eraginkor baten zerbitzura dago, non narrazio eta deskribapen egoerak izugarri iradokitzaileak baitira. Ipuinari darion umoreak ipuinaren intentsitatea eta dramatismoa arintzen ditu", azaldu du.
Becerro de Bengoa saiakera sarira hogeiren bat lan aurkeztu dira, eta euskarazko lanen artean, Jon Suduperen Homo Loquens lana izan da epaimahaiarentzat onena. Saiakeraren muina da Herder eta Humboldten eskuetan hizkuntzak lortu zuen dimentsio berria. Bi pertsona horiek erromantizismoaren oinorde izan zen tradizio alemaniarraren ordezkari ospetsuak izan ziren.