Euskara Sustatzeko Ekintza Plana proposatu du Zarauzko Udalak

zarauzkohitza.eus Aktualitatea. 2018ko azaroaren 21a

Zarauzko datu soziolinguistikoak eta beste hainbat ikerketa aintzat hartuta idatzi dute proposamena, eta orain, herritarren ekarpenak jasotzeko epea ireki dute. Hiru helburu estrategiko ditu planak: euskararen jabekuntza, euskararen erabilera eta euskararen elikadura.

Etxezabalako langileek ere bat egin zuten Euskaraldiarekin. Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren proposamena idatzi du Zarauzko Udalak, udalerriko azken datu soziolinguistikoak eta beste hainbat ikerketa eta ekarpen kontuan hartuta. Orain, herritarren ekarpenak jasotzeko aukera zabaldu dute, azaroaren 30era arte. Ekarpenak aurrez aurre egin daitezke, Herritarren Harrera Zerbitzuan (Kale Nagusia, 29) edo Euskara departamentuan (Kale Nagusia, 29, 1. solairua). Posta elektronikoz ere helarazi daitezke, euskaraz@zarautz.eus helbidera mezu bat igorrita.

2018-2022 urteetarako plana

2015-2017 urteetarako diseinatutako planaren indarraldia amaituta, 2018-2022 urteetarako izango litzateke idatzi berri duten Euskara Sustatzeko Ekintza Plana, euskararen erabileraren normalizazioaren VI. plangintzaldiaren barruan. Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren bidez, udalak datozen urteotan euskararen normalkuntzaren bidean izango dituen lehentasunak, helburuak eta jarduerak zehaztuko ditu. Udalak osatutako Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren proposamenak hiru atal nagusi barnebiltzen ditu: diagnostikoa, ondorio nagusiak eta lehentasunezko arloak eta hau guztia aintzat hartuta diseinatutako plan estrategikoa bera. Diagnostikoaren atalak Zarauzko egoera soziolinguistikoaren azterketa bat azaltzen du, hainbat esparru landuz: biztanleria eta hiztunen bilakaera, euskara gaitasuna, kale erabilera, familia transmisioa, arlo sozioekonomikoa eta abar. Egoera soziolinguistikoaren irakurketa bat egiteaz gain, bestelako eremu eta ekarpen batzuk ere jasotzen ditu atal honek, hala nola, Zarauzko euskaltzaleen topagunearen ekarpenak, Zarauzko Hegoalde eremuaren eragin linguistikoaren balorazioa edo D ereduko kirola.

Euskararen jabekuntza, erabilera eta elikadura

Behin diagnostikoan sakonduta, zenbait ondorio aurkezten ditu Ekintza Planak, ondoren, udaletik abiatu beharreko plan estrategikoaren oinarri izango diren lehentasunak identifikatu ahal izateko. Honako hauek dira planak zehaztutako lehentasunak: gazteen erabileran eragitea, euskararentzako hegemonia-guneak antolatzea, kulturgintza, guraso gazteen erabileran eragitea, sektore ekonomikoek euskara marka positibo gisa baloratzea, zerbitzu publikoetan eragitea, hedabideen egitekoaz hausnartzea eta Euskaraldia sustatzea. Udalerriko diagnostikoa eginda, ondorioak landuta eta lehentasunak identifikatuta, hau guztia oinarri hartu nahi izan duen plan estrategikoa diseinatu du udalak, hau da, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana. Hiru helburu estrategikotan eta bi zehar-lerrotan antolatu dute. Helburu estrategikoak euskararen jabekuntza, euskararen erabilera eta euskararen elikadura izango lirateke, eta zehar-lerroak, euskararen aldeko motibazioa eta euskararen zabalkundea. Hona hemen Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren proposamena osorik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide