Andrea Zaldua izan zen Aialaren partidako golegile nagusia. (Luis Epelde)
Eskubaloi elkarteko bi talde nagusien partidak izan ziren larunbatean Aritzbatalde kiroldegian. Aiala Zarautzek ezin izan zion irabazi oraindik partidarik galdu ez duen Puerto del Carmen taldeari, eta Amenabarrek, berriz, sailkapenean bere arerio zuzena den MMT Seguros Zamora garaitu zuen.
Sendo hasi zuten partida Aialako jokalariek Kanariar Uharteetako taldearen aurka. Gol bakarreko aldearekin (12-11), irabazten zihoazela sartu ziren aldageletara zarauztarrak. Hala eutsi zioten bigarren zatiaren bukaerara arte, apurka-apurka, aldea handituz. Azken ordu laurdenean, ordea, aurrea hartu zieten Puerto del Carmeneko neskek, eta 60. minutura 22-24ko markagailuarekin iritsi ziren. Eskuen artetik ihes egin zien garaipenak Aialakoei. Jardunaldi honen ostean, bosgarren postuan dago Aiala Zarautz taldea, Zilarrezko Ohorezko Mailako B taldean.
Larunbateko partidako argazki guztiak ikusgai daude ZKEren webgunean.
Bestelakoa izan zen Amenabarren partida. Hasieratik sendotasuna erakutsi zuen taldeak, eta aurretik ibili ziren markagailuan partida osoan zehar. Une batzuetan Zamorakoek estutzen bazituzten ere, 29-27ko emaitzarekin amaitu zen partida. Mikel Amilibia eta Eneko Goenaga jokalari gazteak izan ziren taldeko goleatzaile nagusiak. Honenbestez, Zilarrezko Ohorezko Mailako zortzigarren postuan daude Amenabarreko mutilak.
Datorren asteburuan, bi taldeak kanpoan
Segoviara bidaiatuko dute datorren asteburuan Amenabarreko jokalariek, Viveros Herol Balonmano Nava taldearekin indarrak neurtzeko. Aialak, berriz, Bizkaian izango du norgehiagoka, Petronor Muskiz taldearen aurka.