Yoseba Peña. (Gari Berasaluze)
"Historiaren atzeko historia" kontatu du Yoseba Peñak (Sodupe, 1977), plazaratu berri duen 'Hariak' liburuan. Hiru pertsonaia nagusi hautatu ditu istorioaren haria eramateko: hiru emakume. Lehena gerra zibila baino pixka bat lehenago bizi izan zena, bestea Frankismo garaikoa eta hirugarrena, Frankismoaren amaiera eta demokraziaren hasiera bizi izan zituena. Hirurak familia eta molde berekoak dira, kementsuak, aurrez ezarritako hartatik ateratzeko borrokatzen dutenak.
Lehenengoa Irene da, Goierriko familia dirudun batekoa. Zarautzera ezkontzen da maitasunagatik, eta ordura arteko erosotasun materialak galtzen ditu. Bi alaba dauzka, eta haiek beste aukera batzuk izatea nahi du Irenek, kosta ala kosta. Ahalegin horretan, 30eko hamarkadaren hasieran Zarautzen zegoen gizartea islatzen da istorioan. Horretaz idazterakoan, Amagoia Gurrutxagaren Zarauzko Postalak lana hartu du oinarritzat Peñak. Gerra Zibilaren garaian Karlistak eta Jeltzaleak jardun ziren aurrez aurre Zarautzen, eta herritarren arteko liskarrak muturreraino nola heltzen ziren azaltzen da. Hori guztia emakumeen ikuspegitik kontatuta. "Gizonak frontera joan ziren, baina atzeko goardiakoa askoz gogorragoa izan zen", azaldu du Yosebak. "Janaria bilatu behar zen, soldaduek edozein gauza egin ziezazuketen, erantzunak eman behar zenituen ez zeudenean...". Peñak birramonagandik entzun zituen garai harteko istorio asko. "Gure etxean asko hitz egiten da historiaren inguruan, baina sufrimenduaren, gosearen ikuspegitik. Guduak eta horrelakoak ez ziren kontatzen".
Xexili da bigarren zatiko protagonista. Gerraren amaieran jaioa, familia Karlista batean hazia eta hezia, gerra irabazlea, beraz, "apolitikoa". Jeltzaleen baserri batera ezkondu eta esnatze moduko bat izaten du, bere senarra ikurrinak ipintzen ibiltzen dela jakitean. Benetako esnatzea, ordea, Xexiliren ahizparena da. Lanean hasten da lehenengo, eta Parisko Sorbona unibertsitatera joaten da ikastera aurrerago. Horrek, bien arteko harremanean tira-bira asko eragiten ditu.