Irudietan: Memoriaren Egunean ekitaldiak egin dituzte eskualdeko hainbat herritan

Urola Kostako Hitza 2018ko azaroaren 10a

  Azaroaren 10a da gaur, Memoriaren Eguna, eta Urola Kostako hainbat herritan elkarretaratzeak egin dituzte indarkeriaren biktimak gogoan izateko eta giza eskubideen urraketan salatzeko Zarautzen esaterako, Arrosategi parkean bildu dira Zarauzko udal ordezkariak eta herritarrak, eguerdian. Zarauzko alkate Xabier Txurrukak eta PSE-EEko bozeramaile Gloria Vazquezek Memoriaren Eguneko adierazpena irakurri dute jendaurrean, eta horren bidez barkamena eskatu diete indarkeriaren eta terrorismo ororen biktima izan direnei, "70. eta 80. hamarkadan gizarteak ez zituelako babestu. Aitortzen dugu indarkeriaren aurrean lehenago erreakzionatu behar genuela. Batez ere, ETAren biktimei zuzendu nahi diegu errekonozimendu hau, erakunde horrek gizartearen babesa izan baitzuen urte askotan zehar". Gainera, azpimarratu dute, atzera begiratuz gero, gizartearen alderdirik ilunena, "biktimek jasan zuten abandonua, eta terrorismoaren eta indarkeriaren aurkako erreakzio urria" izan zela.  "90. hamarkadatik aurrera gizartearen indarkeriaren aurkako erantzuna indartu egin zen. Gizarte mugimenduak ugaritu egin ziren, baita ekimen sozial, politiko eta instituzionalak ere. Horrela, areagotu egin zen biktimen aldeko sentsibilizazioa". Bukatzeko, azken hamarkadetan gertatu dena kontutan hartu, eta "aurrerantzean edozein jardunbideren aurrean, terrorismoaren eta indarkeriaren biktimekiko elkartasunak, eta pertsona guztien bizitzeko eskubideak" gailendu behar dutela adierazi dute. Memoriaren Eguneko elkarretaratzea plazan egin dute Azpeitian. (Udala)
Azpeitian 11:00etan egin dute elkarretaratzea Udaleko hainbat hautetsik eta herritarrek, plazan. Hamar minutuko kontzentrazio isila izan da gaur egin dutena, eta bertan izan dira EH Bilduko eta EAJko udal ordezkari hainbat. Iraganeko nahiz gaur egungo giza eskubideen urraketak salatzeko egin dute bilkura, oroimena eta bizikidetza gizartearen "ardatz" izan daitezela eskatzeko. Irudian, herritarrak eta udal hautetsiak plazan, larrosak eskuetan dituztela.
[gallery columns="2" ids="349800,349799"]

Azkoitian bost minutuko kontzentrazioa isila egin dute hainbat lagunek, Udalak Memoriaren Egunaren harira Intsausti jauregiaren aurreko 'Oroimenean' eskulturaren ondoan deitutako ekitaldiaren barruan. Hainbat udal ordezkari izan da elkarretaratzean, baita zenbait herritar ere. Isilunea amaitzean, Azkoitiko alkate Javier Zubizarretak lore eskaintaz egin du 'Oroimenean' eskulturan, herriko biktima guztiak oroitzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide