Xabier Txurruka alkatea eta Esteban Collantes ZKEko presidentea, gaur hitzarmena sinatu ostean (Onintza Lete Arrieta)
Xabier Txurruka Zarauzko alkateak eta Esteban Collantes ZKE Zarautz Kirol Elkarteko presidenteak gaur sinatu dute 2017-2018 denboraldiari dagokion hitzarmena. Aurreko bi urteetan bezala, 160.000 euroko diru laguntza jasoko du aurten ere kirol elkarteak udalaren partetik.
1,5 milioi euroko aurrekontua du ZKEk, eta udalaren ekarpena "garrantzitsua" dela azpimarratu du Collantesek. "Kontuan eduki behar da zuzeneko lau langile ditugula kontratatuta, eta beraz, udalaren eta aldundiaren laguntzak garrantzitsuak dira guretzat".
Diru laguntzez gain, kirol arloan hainbat inbertsio ari dira egiten azken urteotan udala eta aldundia. Berrienak, Asti Txikiko harmaila berriak eta Lizardiko kirol pabilioi berria dira. Asti Txikin lanean hasi dira aste honetan bertan, eta Lizardin abenduan hastekoak direla jakinarazi du Txurrukak. "Lanak adjudikatu berri ditugu. Adjudikazioa sinatu arte ezin dugu esan zein enpresari esleitu zaizkion lanak, baina tramitazioa martxan da eta abenduan hasiko dira lanean".
Collantesen ustez beharrezkoa da gogoraraztea egin diren inbertsio guztiak, elkartearentzat oso garrantzitsuak direlako. Besteak beste, transformadore berria eta errugbiko eta futboleko taldeentzako aldagela eta gimnasio berriak aipatu ditu.
Asti Txikin egingo dituzten lanak ere begi onez ikusten ditu, "partida gehien bertan jokatzen delako". Eta zer esanik ez Lizardiko kirol pabilioi berria; pozarren dago ZKEko presidentea. Dena den, "ez dira inbertsioak eta diru laguntzak bakarrik. Udalak galdetu ere egin digu Lizardiko pabilioiaz gure iritzia, parte hartu dugu proiektuan, eta beti daude prest gu entzuteko. Gertuko harremana dugu eta hori asko baloratzen dugu", esan du.