Eraso! taldeak bederatzigarren lana kaleratu du

zarauzkohitza.eus Aktualitatea. 2018ko urr. 15a, 14:34

'Inoren lurretan' izeneko disko berria aurkeztu du metal talde zarauztarrak, eta aurkezpen bira ere antolatu dute. Hona hemen hurrengo kontzertuak.

Eraso! talde zarauztarra, 1996an sortua. (Eraso!) Eraso! taldea bueltan da; bederatzigarren lana argitaratu berri dute, 'Inoren lurretan'. Donostiako Liburutegi Nagusiko kriptan izan zen aurkezpena, urriaren 10ean, eta diskoa eskuragai dago jada taldearen bandcamp gunean. Sei abestiz osatutako ekoizpena da: 'Algoritmo bat', ' Azalarazten', 'Zinismoaren garaipena', 'Hodei beltzak', 'Dena errepikatuz doa' eta 'Inoren lurretan'. 1996an sortu zuten Eraso! talde zarauztarra, eta beraz, 25. urteurrenetik hurbil daude jada. Sergio Ruiz Sertx, Nestor Urdanpilleta, Ibai Castro eta Iñigo Beitia dira partaideak, eta 1997an beren lehen diskoa kaleratu zutenetik ('Gaua'), ibilbide luzea izan dute. 'Inoren lurretan' lan berriarekin, guztira bederatzi diskoz osatutako bilduma osatu dute. Bestalde, lan berriaren aurkezpen bira ere antolatu du taldeak. Bilbon izan ziren urriaren 13an, Satelite T aretoan, eta hilaren 26an, Bonberenean (Tolosa) emango dute kontzertua. Azaroan Iruñean eta Barakaldon izango dira, eta abenduan, Amurrion. 2019. urtea hastean, Donostiako Dabadaban eta Oreretako Niessen aretoan ere eskainiko dituzte emanaldiak. Hona hemen Aritz Mutiozabalek 'Inoren lurretan' lanaren inguruan idatzitako aurkezpen oharra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide