Irudietan: Omenaldia egin diete Zarautz Kirol Elkarteko Halterofilian 50 urte daramatzatenei

Urola Kostako Hitza 2018ko urriaren 8a

Larunbatean halterofiliako Liga Nazionaleko 5. jardunaldia jokatu zen Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian, Zarautz Kirol Elkarteko Halterofilia taldeak antolatuta, eta jardunaldiaren barruan, Ricardo Oiarzabal epailea eta Enrike Kortajarena eta Juan Mendizabal entrenatzaileak omendu zituzten; izan ere, orain 50 urte halterofilia saila sortu zenetik han dabiltza hiru lagunak.
Agurra dantzatu zieten Ainhoa Kortajarenak eta Enara Mendizabalek, eta txapela ere jaso zuten omenduek. Era berean, ekitaldian parte hartu zuten ZKEren egungo eta aurreko lehendakari Esteban Collantesek eta Juan Mari Arrizabalagak. Zarauztarrak, Kopako finaletik kanpo Larunbateko jardunaldia Errege eta Erreginaren Kopako finalera sailkatzeko play-offa zen, eta zarauztarrek ez zuten lortu finalerako txartelik. Izan ere, "ezbehar baten ondorioz", bost kirolariren puntuaketa bakarrik izan zuten ZKEkoek. Aurreko bi urteetan finalean izan dira zarauztarrak, baina aurten, lau jardunaldiren ostean sailkapenaren 16. postuan ziren, eta larunbateko jardunaldiaren ondoren ere ez zuten lortu aurreneko 12 postuetan sailkatzea. Bestalde, etxean jokatutako antolakuntzagatik "zoriondu" egin zituzten zarauztarrak. Hiru talde lehiatu ziren Aritzbatalden: Helios (Zaragoza, Espainia), Queiron (Iruña) eta Zarautz. Guztira 18 kirolari aritu ziren, bi txandatan. Zarauzko taldean Borja Bravo, Danel Lopez eta Jaizki Mendizabal lehiatu ziren lehen txandan, eta bigarrenean, berriz, Aitor Gabirondo, Ibon Eguzkiza eta Jon Mendizabal. Entrenatzaile lanetan Enrike Kortajarena eta Juan Mendizabal aritu ziren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide