Korrikalariek Zarautz-Zumaia-Zarautz itzulia egin zuten. (Euskal Kosta Krosa)
II. Euskal Kosta Krosa eguna kirol ekitaldi bat baino askoz gehiago izatea nahi zuten antolatzaileek, eta balorazio ofizialik oraindik egin ez duten arren, badirudi lortu zutela. Izan ere, goizetik egon zen giro ona Zarauzko malekoi inguruan. Eskola kirolaren barruan haurrak irristaketan aritu ziren aurrena, eta gero puzgarriak, eskulan tailerra, zunba eta jumpfit eduki zituzten aukeran, azken bi horiek familian gozatzeko. Trikitilariekin poteoa ere antolatu zuten eguneko egitarauan.
Kirol lehiaketetarako aukeratutako ibilbidea bera ere ikusgarria zen, eta parte hartzaile batek baino gehiagok azpimarratu zuen probaren edertasuna. Ez alferrik, irristaketa saioa eta maratoi erdia malekoitik abiatu ziren, eta kostako errepidetik Getariaraino iritsi zen aurrenekoa, eta Zumaiaraino bigarrena. Kirola, natura eta aisiarekin nahastuta.
Arratsaldeko lehen orduan iritsi zen eguneko momentu ikusgarrienetakoa: I. Euskal Kosta Krosa Roller irristaketa proba. 200 parte hartzaile, eta 16 kilometroko ibilbidea, malekoitik abiatu eta Getariara joan-etorria egiteko. Iñigo Vidondo eta Aroa Merino nagusitu ziren, eta erraz nagusitu ere: ia lau minutuko aldearekin gailendu zen Vidondo, eta bi minutukoarekin, berriz, Merino. Azken horrek UROLA KOSTAKO HITZAri azaldu zion ibilbidea oso polita iruditu zitzaiola eta «oso pozgarria» dela horrelako kirol proba herrikoietan «aukera ematea irristaketakoei». Herritar guztiak animatu zituen irristaketa probatzera. Sasoi onean dabil Merino: orain gutxi jokatu den Berlingo maratoiko irristaketa proban 26. postua eskuratu du, punta-puntako patinatzaileekin lehiatuta.
Azkarragoa, ala motzagoa?
Maratoi erdia zen eguneko hitzordu nagusia, eta baita azkena ere kirolari dagokionez. Zarauztik Getariara eta Zumaiara joan, azken horretan herrian barna ibili, eta berriz Zarautzera itzuli ziren ia 400 korrikalari. Zarautzen ere herri barruan hainbat metro eginda iritsi ziren helmugara, Lege Zaharren enparantzara.
Iaz Zumaian bigarren egin zuenak irabazi zuen oraingoan: Abdelhadi El Mouaziz-ek. Bigarren, berriz, iazko irabazle El Hassan Oubaddik. Orpoz orpo egin zuten ibilbidearen zati handiena, eta 10 segundoko aldeaz nagusitu zen El Mouaziz beteranoa. Emakumezkoetan iazko bera nagusitu zen: Aroa Merino.
Iazko markak ondu zituzten, baina sare sozialetan eragin zuen tira-birarik horrek. Izan ere, hainbat korrikalarik esan zuen «500 metro falta» zituela ibilbideak maratoi erdiaren 21,097 kilometroak edukitzeko.
Ondorengo esteketan ikusgai dago informazio desberdina:
Helmugaratzeen, beroketen eta sari banaketen argazkiak.
Maratoi erdiko eta irristaketa probako sailkapenak.
Irristaketa probako argazkiak.
Maratoi erdiko argazkiak.