"Antzerkiak salaketarako balio beharko lukeela uste dut"

zarauzkohitza.eus Aktualitatea. 2018ko irailaren 28a

Urte asko daramatza Patxi Santamaria zarauztarrak antzerki munduan murgilduta. Asteotan 'Ni jubil... zu zergatik ez?' bakarrizketa saioa eta Vichyssoise mikroantzerkia prestatzen dabil.

Patxi Santamaria aktorea. (Amaia Urbieta Arruti) Zarauzko 60+ astearen barruan hainbat ekitaldi antolatu dute, eta horietako bat da Patxi Santamariaren (Zarautz, 1959) Ni jubil... zu zergatik ez? bakarrizketa saioa. Astelehean aurkeztuko du, Antxon Sarasuaren laguntzarekin, Antoniano aretoan. Bakarrizketaren prestaketan buru-belarri ariko zara. Zer erakutsiko duzue bertan? Nik ez ditut 60 urte, baina ez nago oso urruti, eta askotan hitz egiten dut lankideekin eta lagunekin horretaz. Bereziki, artista izanik, legalki horren kasu berezia denez, duela urte bat arte ez nuen pentsatu ere egiten jubilazioan. Orain, horri bueltak emanez egindako hausnarketekin idatzi dut lan hau. Nire adin inguruko pertsona baten egoera kontatzen du istorioak. Antzoki bateko tramoia da pertsonaia, eszenografia muntatzen eta desmuntatzen duena. Horri buruz hitz egiten da obran: jubilazioaz, lan munduaz... Beti umore aldetik, baina egurra emanez. Iruditzen zait antzerkiak salaketak azaleratzeko balio beharko lukeela. Antxon Sarasua lagun eta musikariak ere parte hartzen du ikuskizunean. Bera da alter ego-a. Asmoa jendeak ondo pasatzea da, baina baita gaiaren inguruan hausnarketa txiki bat egitea ere. Gainera, orain ez dute motibo askorik beharko, jubilatuen mugimendua piztuta baitago. Publiko mota bakoitzaren aurrean jarrera ezberdina hartzen al duzu? Ez. Asteleheneko antzerkira jubilatuak etorriko dira ziurrenik, adin eta esperientzia gehiagokoak. Umeentzat antzerkia egiten dudanean ez dut desberdinak direla  pentsatzen. Badakizu adin, ezagutza eta bizi esperientzia ezberdinak daudela, baina ez dut pentsatzen zein den aurrean dagoen publikoa, zer den kontatu nahi dudana baizik. Kasu honetan, zerikusia izango du antzerkiaren gaiak publikoarekin, izan ere, jubilatu asko etortzen badira, zuzenean eragingo die gaiak. Dena den, azkenean, denoi eragiten digu, behetik datozenen etorkizuna ere orain ari baita idazten. Gazteei ere halako mezutxo batzuk bidaltzen dizkiegu, ipurdia apur bat mugi dezaten. Irakurri elkarrizketa osorik hemen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide