Julen Olazabal, Ruth Mozo eta Ixidor Larrañaga mahats biltze egunaren aurkezpenean. (Amaia Urbieta Arruti)
Igandean ospatuko dute aurtengo mahats biltze eguna Zarautzen. Aurtengo uzta oraindik jasotzen hasi ez badira ere, Lege Zaharren Enparantzan jatorrizko izendapenezko Getariako Txakolina dastatzeko aukera izango da aurtengoan ere. Onartu berri den turismo plan estrategikoak familiei bideratutako ekintzak sustatzeko apustuaren alde egiten du, beraz, mahats biltze egunean ere haurrentzako hainbat ekintza prestatu dituzte.
Eguerdian toldotxo pintxoak eskuragarri egongo dira herriko zenbait tabernatan: Euromar, Euskalduna, Itxas-Lur, Joe, Karlos Argiñano eta Txiki Polit. Eguerdian bi haurrek mahatsa zapalduz muztioa egingo dute eta txakolin dantza egingo dute. Horrez gain, Sebastian Lizaso eta Aitor Sarriegi bertsolariek girotuko dute Lege Zaharren Enparantza.
Ondoren, txakolina eta hegaluzea dastatzeko aukera egongo da. Txakolin kopa eta bost txakolin erosi ahalko dira sei eurotan. Parrillan egindako Eusko Label hegaluzea, berriz, bi eurotan. Era berean, zenbait jatetxek txakolina protagonista izango den menu berezia prestatuko dute egun horretarako: Itxas-Lur, Karlos Argiñano, Kirkilla, Santa Barbara eta Txiki Polit. Julen Olazabal Zurekin elkarteko kideak azaldu duenez, zendu berri den Igor Azpitarte elkartearen sortzaileari omenaldia egingo diote igandean.
Aurtengo mahats uztari dagokionez, Ruth Mozo Getariako Txakolinaren idazkari nagusiak adierazi du aurtengo urtea arraroa izan dela mahastientzat. "Normalean mahats bilketa irailaren hirugarren astean hasten da, baina aurten oraindik ez da inor hasi". Mahats ona espero dela esan du, baina iaz baino %20-%30 gutxiago, baldintza metereologikoengatik gehien bat. Azken uneko arazorik izan ezean, 19 upategiren txakolina dastatzeko aukera izango da igandean, Lege Zaharren Enparantzan.