Xabier Txurruka alkateak HITZAri baieztatu egin dio atzo zenbait komunikabidetan argitaratutako albistea. Alegia, Zarauzko udaltzainburuaren izendapena anulatzen duen sententzia berretsi egin duela EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Ostegunean Udalbatzak aho batez erabaki zuen lanpostu hori barne sustapen bidez betetzea.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ekainean berretsi zuen aurrez Donostiako 3 zenbakiko Administrazio Auzien Epaitegiak emandako sententzia bat. Hark bertan behera utzi zuen Zarauzko udaltzainburuaren izendapena. Besteak beste, udalak ez zuen prozedura legala bete eta ez zuen lehiaketa publikorik deitu. Bederatzi urte zeramatzan postu horretan udaltzainburuak.
Zarauzko Udalari ekainean jakinarazi zion erabakia EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, baina udalak ez zuen neurririk hartu. Xabier Txurruka alkateak HITZAri azaldu dio arrazoia. "Arduraz aritu gara, ezin genuen abuztuan Zarautz udaltzainbururik gabe utzi".