Inauguratu dute Azken Portu Goiko igogailua

Amaia Urbieta Arruti 2018ko abuztuaren 31

Atzo ireki zuten herritarrentzat igogailua (Amaia Urbieta Arruti) Salbide auzoa eta Azken Portu Goia lotzen dituen igogailua erabilgarri dago jada. Auzotarrak azpiegituraren eskaera egiten aspalditik zebiltzala azaldu zuen Xabier Txurruka alkateak atzo arratsaldeko inaugurazioan, eta herriko irisgarritasuna "nabarmen hobetzen duela". Herritar guztientzat zabalik egongo da igogailua, 24 orduz, eta bost segurtasun kamera izango ditu guztira. Obren aurrekontua 757.000 eurokoa zen, eta Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako sailetik, irisgarritasuna hobetzen duten proiektuei ematen zaien 150.000 euroko diru-laguntza  jaso du Zarauzko udalak, proiektua aurrera ateratzeko. Igogailuak bi zati nagusi dauzka: pasalekua eta dorrea. Dorrearen altuera, guztira hogei metro ingurukoa da. Pasalekua pieza bakar batean ekarri zuten Gasteiztik eta gau bakarrean jarri zuten. Igogailuak, gehienez, 2.000 kilo edo 26 pertsona igo edo jaisteko gaitasuna dauka. Azken Portu Goiko herritarrak "oso gustura" agertu ziren atzo azpiegitura berriarekin. "Behar handia zegoen, auzotar batzuk oso helduak gara eta honek abantaila handiak ematen dizkigu egunerokorako", azaldu zuten. Udal ordezkariekin batera hainbat herritarrek hartu zuten parte inaugurazioan (Amaia Urbieta Arruti)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide