Asteartetik aurrera eman daiteke izena Zarauzko kiroldegiko ikastaroetan

zarauzkohitza.eus Aktualitatea. 2018ko abuztuaren 6a

Helduek irailaren 3ra arte eman ahalko dute izena, eta haur nahiz gazteek irailaren 17ra arte. Plaza mugatuak direla eta, zozketa bidez egokituko dituzte plazak aurten ere.

Hainbat ikastaro izango da aukeran. Abuztuaren 7tik irailaren 3a bitartean eman ahalko da izena Aritzbatalde kiroldegiko ikastaroetan. Aurten ere aukera zabala eskainiko dute helduentzako; 72 ikastaro aukeran, guztira. Ohi bezala, aurreko ikasturtean ikastaroren bat egin dutenei plaza gordeko zaie, baina horiek ezinbestekoa izango dute jarraitzeko asmoa dutela baieztatzea; bestela, plaza hori libre geratuko da. Ikastaroetako taldeak mugatuak direnez, izen-emate berrien artean libre dauden plazak zozkatuko dira. Helduen kasuan, zozketa honen emaitzak irailaren 7tik aurrera jakinaraziko da kiroldegiko harreran, eta ikastaroeak ematen irailaren 17an hasiko dira. Haur eta gazteen (0-16 urte bitartean) kasuan, 30 ikastaro eskainiko dira aurten. Zozketarako izena emateko epea irailaren 17an amaituko da, eta zozketaren emaitzak irailaren 21etik aurrera emango dira, kiroldegiko harreran.

Hainbat berrikuntza

Helduentzako ikastaro aukeren artean ondorengoak daude: akuafitness eta igeriketa ikastaroak, uretan; hipopresiboak, pilates eta yoga, orekatzeko; zumba, GAP eta aerofit, aktibatzeko; eta spinning, body pump, jump eta total training, indartzeko. Aurten, berrikuntza bezala, egun bakarreko ikastaroak egongo dira. Horien helburua da beste ikastaroetan parte hartzen duten erabiltzaileek beraien entrenamendua osatzeko aukera izatea. Eskainiko diren ikastaro osagarriak ondokoak dira: pilates, aerofit, aktiba, akuafitness, GAP core, zumba, stretching eta balance posturala. Mota honetako ikastaroek 10 euroko prezioa izango dute bazkideentzat (uretako ikastaroek 15,65 euro) eta 10,15 eurokoa bazkide ez direnentzat (15,65 euro uretako ikastaroetan). Haur eta gazteen kasuan ere berrikuntzak izango dira. Zumba Gazte eta Zumba Haurrak ikastaroez gain, Yoga Gazte (12-16 urte) eta Yoga Haurrak (6-11 urte) ikastaro berria eskainiko da. Gainera, udan eskaini diren GazteFit Indoor eta GazteFit Ura ikastaroek izandako arrakasta ikusita, ikasturte osoan eskaintzea erabaki dute. Igeriketa ikastaroek berdin jarraituko dute: dordoka, karramarro, olagarro, igela eta marrazo mailak izango dira. Kiroldegiko harreran eskuratu daiteke informazio zabalagoa, baita 943-00 51 23 telefono zenbakira deituta edo kirola@zarautz.eus helbidera idatzita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide