Asier Nieto eta Ibai Jauregi sorosleak.
Zergatik ari zarete protestan?
Asier Nieto:Laburbilduz, uste dugulako gure lan baldintzetan ez dela egiten dugun lana islatzen. Lan baldintzak eta lana ez datoz bat. Zarauzko hondartza penintsulako arriskutsuenetarikoa da. Oso hondartza irekia da, itsasaldi eta korronte gogorrak izaten dira, jende asko egoten da, arrokadun bi eremu ditugu... Egiten dugun lana herrian oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Suposatzen dituen arrisku eta ardura maila kontuan izanik, lan baldintzak ez dira errealitatera egokitzen; ez soldata aldetik, ez lanerako material aldetik.
Nolakoa da sorosleen lana?
A.N:Egunean 9 ordu pasatzen ditugu hondartzan bueltaka, eguzkitan, arrisku desberdinei aurre egiten, hondartza zaintzen, laguntza ematen, portuan jauziak babesten, inmobilizazioak burutzen, harroken ingurua zaintzen... Eta gainera, hondartza jendez gainezka egonda. Lan ikaragarria da hau guztia aurrera eraman eta kudeatzea, eta ez dugu uste nahikoa baloratzen denik.
Ibai Jauregi:Ematen dugun zerbitzua ez dugu konpentsatua ikusten. Gure lana ez da asko ikusten, oso diskretua da. Baina datuak begiratzen hasiz gero, zifrak harrigarriak dira; erreskatatzeak, laguntzak... Badirudi hondartzan ez dela ezer pasatzen sirena entzuten ez bada, baina sorosleen lanean mugimendu asko dago egunero. Atzeko lan asko dago, eta askotan kostata edo iritsi ezinik ibiltzen gara.
Noiz hasi zineten mugitzen?
A.N:Urte askotan ibili gara borrokan, batez ere azken lau urteotan, bai udalarekin bai Gurutze Gorria enpresarekin. Gure egoera eta lanerako ditugun baldintzak ikusarazi nahi izan dizkiegu, irtenbideren bat bilatzeko. Askotan esan diegu mesedez gure lana baloratzeko, estadistikei erreparatzeko, eta hondartza urtez urte aurrera ateratzen dugula konturatzeko. Duela lau urte, oso gogorra izan zen egoera. Bi sorosle kaleratu zituzten, Gurutze Gorriari zenbait eskakizun egiteagatik.
Beraz, zein erantzun jaso izan duzue Gurutze Gorriaren partetik?
A.N:Hasieran beti erakusten dute jarrera ona, guztiari baiezkoa ematen diote, baina gero inor ez da ezer aldatzeko mugitzen, eta egoerak bere horretan jarraitzen du. Urtero egiten dizkigute hurrengo urterako promesak, baina gero ez dituzte betetzen, edo hobekuntza barregarriak egiten dituzte. Oso nekatuta gaude. Urte batzuk honetan lanean daramatzagunak karga handia dugu bizkar gainean.
Irakurri gehiago Zarauzko Hitzaren webgunean