Badok 13 arraun taldea, joan den ekainaren 30ean, Zumaiako VI. traineru estropada irabazi berritan. (Zarauzko Hitza)
Zarauzko Arraun Elkarteko Badok 13 beteranoen taldeak bost bandera lortu ditu errenkadan; tartean, Gipuzkoako Txapelketa. "Abiada handia hartu dugu. Ez genuen espero bat-batean horrelako emaitzak lortzea", dio Juan Angel Garmendia
Xarpas traineruaren entrenatzaileak.
Arraunlari Beteranoen Elkarteak antolatzen duen ABE ligan lehiatzen dira Badok 13ko arraunlariak. Bi ontzi dituzte: taldearena bat, eta Elantxobek utzitakoa bestea. Biekin joaten dira estropadetara: bat, lehiatzera; eta bestea, gonbidatu gisa. Liga bukatzeko bi estropada falta direnean, Zarauzko beteranoen trainerua bigarren dago sailkapenean, Getxoren atzetik, hiru puntura. "Lehen bi estropadak pattalak egin genituen, eta puntu pila bat galdu genuen orduan", azaldu du Xarpasek.
Azkenaldian lortutako banderek Arraunlari Beteranoen liga eta Badok 13 taldea ezagutarazteko balio izan dute Edu Mugertza arraunlariaren ustez. "Zarata gehiago ateratzen ari gara. Orain arte gutxik ezagutzen zuten Badok 13 taldea". Bat dator David Elustondo arraunlaria ere. "Interesa sortzen ari dela antzematen da Zarautzen".
Arraunlari Beteranoen ligak baditu berezitasun batzuk. Adinari lotuta, 45 urtetik gorakoak lehiatu daitezke. Hala ere, 38 urtetik 45era arteko hiru arraunlari izan daitezke traineruan, gehienez. Estropadaren bukaeran, berriz, traineruaren batez besteko adinaren arabera, denbora handikapa ezartzen da. “Nahiz eta estropadan azkarrena izan, bandera gal daiteke handikapa ezarrita. Horregatik, ona da traineruan 65-66 urte artekoak eta sasoikoak edukitzea. Hori da gakoa”, dio entrenatzaileak. 54 urteko batez bestekoarekin ari da lehian Zarauzko trainerua, baina badaukate hortik gorako bat baino gehiago: "69 urte ditu zaharrenak, eta badaude 66koak, 64koak… 41 urtekoa da gazteena".
Jarraitu irakurtzen
Gipuzkoako Hitzaren atarian.