Xehetasunez beteriko irudia

zarauzkohitza.eus Aktualitatea. 2018ko uzt. 6a, 18:22

Jon Arangurenek eta Maddi Zumalabek ondutako lanak irabazi du Zarauzko Induo enpresaren ilustrazio lehiaketa. Irudi irabazlearen panela atzo jarri zuten enpresaren fatxadan.

Asteazkenak estudioaren panela jarri dute Induo enpresaren fatxadan. (Aritz Mutiozabal) Induo sukaldeak eta armairuak  enpresak Diseinatu zure Zarautz ilustrazio lehiaketa antolatu zuen urte hasieran, tokiko talentu artistikoa sustatuz, bere eraikinaren hegaleko aurrealdea dekoratzeko diseinua aukeratze aldera. Zarautzen erroldatutako edonork hartu ahal zuen parte, bakarka ala taldeka, eta hainbat lan jaso ondoren, Jon Aranguren zarauztarrak eta Maddi Zumalabe hernaniarrak osatzen duten Asteazkenak estudioak aurkeztutakoak irabazi du. Induoko langileen artean egin zuten aukeraketa, eta iritzi zioten Aranguren-Zumalabek eginikoa zela lanik dibertigarriena eta, nolabait ere, jendearen arreta gehien erakarriko lukeena. Irabazleek 600 euroko saria jasotzeaz gain, beren lana Induoren eraikinean ikusiko dute apainduta. Bestalde, Haritz Eizagirrerentzat (Bikinbat) izan da 300 euroko bigarren saria, eta Ari Arkitektura estudioarentzat 100 euroko saria. «Lehiaketan eskatzen zuten herriko toki enblematikoak iruditzeko, eta horietaz aparte, herriko ohiturak edo herritarrek ulertuko dituzten mezuak sartu nahi izan ditugu. Hala, Non dago Wally? moduko bat sortu dugu, joko pixka bat emateko. Hau da, 14 metroko panel bat denez, pasaran begiratzen duzun bakoitzean ezberdina izan dadin. Bizi pixka batekin eta umore puntuarekin, alegia», adierazi du Jon Arangurenek. Saria ilusioz hartu dutela jakitera eman du irabazleak; izan ere, hasi berriak dira beren lanak egiten estudio bezala. «Lehiaketa batera aurkeztu dugun lehen lana da, eta poz handia izan da irabaztea. Agian, ez da izango gure lanik onena, baina abiapuntu bezala balio izan digu», nabarmendu du. Atzo bertan kokatu zuten panela, eta Arangurenek dio «jende askok» ikusiko duenez, «ikusgarri» izango dela, bai enpresarentzat, bai beraietzat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide