Jesus Arana zinegotzia, makina berriaren funtzionamendua erakusten. (Aritz Mutiozabal)
Zarauzko Udalak duela bi urte ireki zuen HAZ Herritarren Arreta Zerbitzua, Etxezabalan, eta urte hauetan harrera ona izan du herritarren artean; ekainean, esaterako, batez beste 190 lagun artatu dituzte egunero. Orain, zerbitzua hobetzeko eta herritarrei erraztasunak emateko, makina berri bat jarri du HAZen atarian, eta dagoeneko erabilgarri dago. Horren berri emateko eta bere funtzionamendua aurkezteko agerraldia egin du gaur goizean Jesus Arana zinegotziak.
Makinak hainbat eragiketa telematiko egiteko aukera eskaintzen du, udalekoak zein aldundikoak; hala nola, zergak kudeatzeko, lizentziak eskatzeko, obrak egiteko baimena eskatzeko eta diru laguntza eskaerak egiteko. Horrez gain, norbanakoek errolda agiria inprimatzeko aukera izango dute, baita ordainketak ere, Eusko Jaurlaritzako orriaren bidez. Oinarrizko zerbitzu horiek emateko, makinak ordutegi zabala izango du: astelehenetik larunbatera, 07:30etik 21:00etara, eta igandetan, 08:30etik 15:00etara, hain zuzen ere.
Eragiketak egin ahal izateko, nortasun agiri elektronikoa edo B@kQ identifikazio sistema erabili beharko dute herritarrek; errolda agiria ateratzeko eta ordainketak egiteko, aldiz, nahikoa da NANa erabiltzea, inolako pasahitzarik sartu gabe. B@kq identifikazio sistema KZgunean (Gaztelekuan) eskatu daiteke, eta Zarauzko Osasun Etxean ere lor daiteke. "Horren bidez, txartelik gabe, bakarrik norbere izenarekin nahiz pasahitzarekin bere identifikazioa bermatu ahal izango du", nabarmendu du Aranak.