Urtero bezala, Desertu Txikian dozenaka eskubaloi partida jokatuko dituzte bi asteburutan. Haurrak izango dira jokatzen aurrenak Txaparrotan hondartzako eskubaloi lehian, larunbat eta igande honetan. Helduen txanda, berriz, uztailaren lehen asteburuan izango da.
Sei joko eremutan banatu, 118 talde ariko dira nor baino nor: 14 benjamin nesketan, 17 benjamin mutiletan, 24 kimu nesketan, 20 kimu mutiletan, 22 infantil nesketan eta 21 infantil mutiletan, hain zuzen ere. Larunbatean, 09:30ean hasiko dira partidak jokatzen, eta batzuek bukatu ahala, besteak hasiko dira lehian; eguneko azken partidak 20:00etan jokatuko dituzte. Igandean ere 09:30ean hasiko dira, eta finalak 18:00tik aurrera jokatuko dituzte.
Helduen txapelketa astebete geroago egingo dute, uztailaren 7an eta 8an. Guztira, 112 taldek eman dute izena: 32 emakumezkoak eta 80 gizonezkoak. Hauek ere sei joko eremutan jokatuko dute, eta finalak igande arratsaldean jokatuko dituzte: emakumezkoek 18:30ean, eta gizonezkoek 19:00ean.